Palestinaren erresistentzia ospatzeko helburuz, Palestina habibti edo Palestina maitea zikloa antolatu dute Internazionalistak Auzolanean, SODePAZ, OCSI, El Salvador Elkartasuna, Mugarik gabe Nafarroa eta Mundubat elkarteek. Palestinako kulturaren lagin bat Nafarroara ekarriz, herri horren "erresistentziarako gaitasuna" nabarmendu eta gizartea kontzientziatu nahi dute.
Antolatzaileek nabarmendu nahi dute, halaber, Palestinaren erresistentzia, "okupazio militar sionistari aurre egiteko gaitasunean" ez ezik, "kulturan" ere ematen dela: "Heziketa artistiko eta kultural indartsua ere bada haien erresistentziaren erakusle", adierazi du Txuri Ollo antoaltzaileak.
Egitasmoaren barruan, irailean zine palestinarreko ziklo bat egin zuten, eta urriko jarduera nagusia, berriz, Nai Bargoutiren kontzertu bat izango da. Bargouti abeslari, flauta jotzaile eta konpositorea da; jazz musika musika klasikoarekin uztartzen du, eta, gaztea bada ere, musika tradizional arabiarraren izen handi bat da dagoeneko. Hiru kiderekin batera emango du kontzertua, larunbatean, arratsaldeko zortzietan, Baluarteko ganbera aretoan.