Ezkutuko kontzertu batekin hasiko du EOSek denboraldia, gaur, Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 3a, 13:46

Mikel Chamizok Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenerako konposatu duen obra estreinatuko dute.

Gasteizen, Donostian eta Bilbon egin bezala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ezkutuko programa batekin abiatuko du gaur denboraldia, Iruñean, Robert Treviñoren gidaritzapean. Ezezagunaren ideiak toki nabarmena izango du orkestraren aurtengo sasoian, eta bereziki, inaugurazio programan. Izan ere, gaur, programaren egitaraua ezkutuan izango da kontzertuak iraun bitartean, eta ikus-entzuleek ez dute egitaraua jasoko amaierara arte. Zain izena jarriko diote programari.

Aurreratu duten gauza bakarra da Mikel Chamizok sortutako obra bat izango dela gaurko kontzertuan; Elkano: mundubira musika bidelagun proiekturako ondu duen obra, Navigare necesse est izenekoa. Elkano eta Magallaesen espedizioaren bosgarren mendeurrenaren harira, orkestrak bidaia horri lotutako obra bana konposatzeko eskatu die bost konpositoreri. Hurrengo hiru denboraldietan estreinatuko dituzte obra horiek, eta gaur erakutsiko dute lehenengoa, Iruñean.

Chamizoren obra bidaiaren hasieran oinarrituta dago, eta hiru atal ditu: lehenengoa, bidaiaren aurretik egin zuten erritu erlijiosoan oinarrituta dago. Bigarrenean, soinu paisaia bat sortu du, orain dela bostehun urte kai hartan izango ziren soinuak imajinatuz. Eta hirugarrenean, berriz, itsasontziak Atlantikoan barneratu eta egun batzuetara egon zen ekaitza irudikatu du. Chamizok esan duenez, pieza sortzeko, bidaia horretara abiatu ziren marinelen azalean jartzen saiatu da, horiek sentituko zutena irudikatzeko. 

Chamizorenaz gain, Elkanoren espedizioaren inguruko ekimenean konpositore nafar bat ere izango da: Teresa Katalan. Hark bidaiaren laugarren zatiari jarri dio musika, eta 2020-2021 denboraldian estreinatuko du obra.

Denboraldiari dagokionez, hori ere ezezagunean barneratzearen ideian oinarritu dute. Egitarauan, orkestrak 29 obra interpretatuko ditu: zazpi inoiz jo gabekoak, eta bi munduko estreinaldiak: Mikel Chamizorena eta Mikel Urkizarena. Orkestrak aspaldi interpretatu ez dituen obra ezagunak ere eskaniko ditu, eta ahotsak protagonismo berezia izango du. Interpretatuko dituzten lanen artean, gainera, izen handien lanak egongo dira; hala nola, Mahler eta Bartok.  Eta Chamizorena eta Urkizarena ez ezik, beste bi euskal musikagileren lanak ere interpretatuko dituzte: Gabriel Erkoreka eta Maurice Ravelenak.

Iruñean, hamar kontzertu emango dituzte, guztiak Baluarten. Han abiatuko dute gaur sasoia, arratsaldeko 20:00etan, misterioz betetako kontzertu batekin, Zain goiburupean.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!