'Letrazaurituak' literatur topaketak hamar idazle emakume elkartuko ditu Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 2a, 13:25

Urriaren 14tik 19ra ospatuko da jardunaldia, Iruñeko Katakrak liburu dendan, emakumeek egindako literaturaren kalitatea balioesteko helburuarekin.

Urriaren 14tik 19ra Letrazaurituak. Argitaratzearen panorama inarrosten duten emakumeak izeneko topaketak egingo dituzte Iruñean: hamar idazle emakume elkartuko dituzte, haien lanei eta bestelako gai zenbaiti buruz mintzatzeko, eta hala, haien literatur sorkuntzaren kalitateari zein haien influentzia gaitasunari balioa emateko. Trapezistaren Zorabioa kultur elkarteak antolatu du topaketa, Katakrakekin batera, eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin.

Egunero bi idazleren arteko elkarrizketak antolatuko dituzte, Nafarroako kultur arloko beste emakume batek moderatuta. Horietan, euren jarduna zeharkatzen duten askotariko gaiak jorratuko dituzte; hala nola feminismoaren lengoaia berriak, literatura eta pentsamendu kritikoa, intimitatearen erakusketa edota mundu editorialera sarbidea.

Aurtengo topaketan parte hartuko dituen idazleak dira Marta Sanz, Clara Serra, Maria Bastaros, Isabel Gonzalez, Luna Miguel, Eva Baltasar, Sabina Urraca, Rosario Villlajos, Cristina Fallarás eta Florencia del Campo. Moderatzaile gisa arituko dira, berriz, Itziar Ziga, Rocío Wittib, Teresa Lopez, Leire Escalada eta Garazi Albizua.

Antolatzaileek adierazi dutenez, saiatu dira aukeratzen “askotariko” ahotsak, baina elementu komunak dituztenak, eta egungo idazkera zein pentsaera iraultzeko gaitasuna dutenak. Hala ere, argi utzi dute ez dituztela emakumeak ekarri emakume izate hutsarengatik, baizik eta "haien lanaren kalitate eta berezitasunarengatik". Izenari dagokionez, Letrazaurituak hitza aukeratu dute, "sorkuntza eta literatura pasioz bizitzen dutenei" erreferentzia egiteko.

Saio guztiak 19:30etatik aurrera izango dira, astelehenetik ostiralera. Larunbatean, Sabina Urracak literatur sormen tailer bat emango du, Hiriartea egitasmoak antolatuta. Azkenik, festa bat egingo dute Txintxarri tabernan, jardunaldia ixteko.  

Aurrerantzean, egitasmoa antolatzen jarraitzeko asmoa dute, eta ez mugatu soilik emakume idazleetara, baizik eta esparrua zabaldu, eta literaturaren edozein arlotan ari diren emakumeei atea ireki. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!