Hizkuntzen Europako Eguna ospatuko du Iruñeko Hizkuntza Eskolak ostegunean

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 24a, 14:02

Mahai bat jarriko dute Gaztelu Plazan, eta mahai-inguru bat egingo dute Kondestable civivoxean. 

Ostegunean, irailaren 26an, ospatuko da Hizkuntzen Europako Eguna. Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak izendatu zuten egun hori 2001ean, Europan dagoen hizkuntza aniztasuna ospatzeko eta europarrak animatzeko horiek ikastera. Izan ere, Europan, 200 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira.

Iruñean ere ospatuko da, eta, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak zenbait ekintza antolatu ditu egunaren karietara. Batetik, Gaztelu Plazan stand edo mahai bat jarriko dute, eta han hainbat jarduera egingo dituzte goizean, nahi duen orok parte har dezan, eskolaren jarduna ezagutzeko eta hizkuntzekin gozatzeko. Bestalde, hamabietan, mahai-inguru bat egingo dute Kondestable zibiboxean. Hizkuntza eskolako irakasleek emango dute, Hunkitu zaitez lelopean. Hori da egunarentzat hautatu dute leloa ere; izan ere, lotura ikusten dute hizkuntzen ikasketaren eta emozioen artean. hizkuntza eskolak Europako Hizkuntzen Egunaren jarduerekin duen helburu nagusia da eskola kalera ateratzea eta haren lanari ikusgaitasuna ematea.  

Egunotan, gainera, eskola matrikulazio kanpaina betean sartuta dago. Aurten, apustu berezia egin dute: kanpaina freskoa, berritzailea egin nahi izan dute. Ahora vas y lo cascas; kraskatu eta mintzatu leloa hautatu dute, eta garrantzia eman diete sare sozialei. Modu horretan, irudi berri helarazi nahi dute; irudi alai eta freskoago bat.

Aurtengo eskaintzari dagokionez, 4.300 toki eskaini dituzte eskolaren bost hizkuntza ofizialetan: alemana, frantsesa, italiera, ingelesa eta euskara. Azken bi horietan eskaintzen dituzte toki gehien: euskara ikasteko 825 toki daude, eta ingelesa ikasteko, berriz, 1.975, eta Lizarrako egoitzan ere ikas daitezke. Gainera, bost horietaz gain, beste batzuk ere ikas daitezke, hala nola japoniera edo txinera.

Iazko ikasleek egina dute dagoeneko matrikula, baina ikasle berriek izena eman dezakete oraindik hizkuntza horietakp bat ikasteko, bete gabe geratu diren tokietan sartzeko: aurretiko izen-ematea egin dutenek ostegunera arteko epea dute izena emateko, eta oraindik aurretiko izen-ematea egin ez dutenek baina interesa dutenek, datorren astelehenera arte dute aukera. Eta oraindik libre gelditzen diren tokietarako izena emateko epea, berriz, heldu den urteko martxoaren 31ra arte luzatuko dute.

Aurten, gainera, berritasun zenbait eskainiko dituzte hizkuntza eskolan. Batetik, CNAIk, Hizkuntzak Ikasteko Nafarroako Zentroak, egoitza aldatuko du, eta orain arte zuen tokia libre geratuko da, eta aurrerantzean hizkuntza eskolak erabiliko du toki hori. Bestalde, hainbat tailer, ikastaro eta  jarduera berri antolatuko dituzte hastear den ikasturtean; besteak beste, immersion weekend ingeles barnetegia, irratia, aldizkaria eta lehiaketak.

Carlos Remon hizkuntza eskolako zuzendariordeak jakinarazi duenez, hizkuntza eskoletan, oro har, jaisten ari da eskaria: matrikulazioen kopurua behera egiten ari da urteekin, baita Iruñekoan ere. Bada, horri aurre egin nahi diote, eta ikasle berriak erakartzeko, bai eta egun daudenei proposamen berriak egiteko ere ospatuko dute ostegunean, esan bezala, Hizkuntzen Europako Eguna.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!