Alde Zaharrak San Fermin Txiki ospatuko du irailaren 27tik 29ra

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 23a, 17:43

 Auzogunea mantenduko da Santo Domingoko baratzeetan. Ostiralean 18:00etan, auzo argazkia eginen da San Frantzisko plazan.

Alde Zaharrak San Fermin Txikiko jaiak ospatuko ditu irailaren 27tik 29ra, eta horretarako jarduera herrikoi, xume, euskaldun, berdinzale eta integratzaileen aukera zabala prestatu dute. Aurten ere, Alde Zaharreko Jai Batzordea arduratu da jaien antolaketaz, auzoko beste kolektibo, auzokide, merkatari eta ostalarien laguntzaz.

San Fermin Txikiko jaiek Alde Zaharrera jendetza etortzea eragiten dute. Egoera horrek auzokideei suposatzen dizkien eragozpenak gutxitzeko, Jai Batzordeak Auzogunean aldeko apostua egiten jarraitzen du. Espazio horrek auzokideak bizi diren eremua arintzen laguntzen du, hortaz, aurreko urteetan bezala, Santo Domingoko baratzeetan jarriko da. Jai Batzordeak errespetua eskatzen du berriz ere portalak eta horietan bizi diren pertsonak zaintzeko horretarako prestatutako komun publikoak erabiltzera dei eginez, eta gogoratzen du jai hauetan, eta beste guztietan, ez direla jarrera matxista edo homofoborik onartuko, ez eta edozein pertsona edo kolektiboren kontrako beste erasorik ere.

Hiru egun jaietan

Irailaren 27an, ostirala, korporazio txikiak 12:30ean Corazonistetatik botako duen suziriak abiaraziko ditu jardueraz beteriko hiru jai egunak. Goizak txikientzako jarduerekin jarraituko du, aukeran izango baitute Auzogunean jarritako puzgarrietara edo auzoko kaleetan erraldoi txikiek eta buruhandiek egingo duten kalejirara joan. 14:00etan beste kalejira bat hasiko da Iturrama institututik, Auzogunean ospatuko den gazte bazkarira iristeko. Arratsaldean, Alde Zaharreko erraldoi eta buruhandien konpartsa Plazara!-tik aterako da auzoko kaleetan zehar ibiltzeko, 18:00etan geldialdi ezinbestekoa eginez San Frantzisko plazan, han eginen baita Alde Zaharreko auzokide guztiei hurbiltzeko gonbidapena egin zaien argazkia. Arratsaldeak Nabarreria Plazako erromeriarekin eta hainbat espaziotan egongo den musikarekin jarraituko du, mahaiak kalera atera eta afari autogestionatuetan parte hartzeko unea heldu arte. Gauean musika egonen da auzoko hainbat lekutan, eta 23:00etatik aurrera kontzertuak egonen dira Auzogunean.

Larunbatean, eguna diana eta hamaiketakoekin hasiko da, eta 11:00etan berriz ere aterako da Alde Zaharreko erraldoien konpartsa Plazara! gunetik -honakoan, Iturramakoak lagunduta-, eta joaldunak Jarauta kaletik. Kirolerako ere egonen da astia: Mañuetako frontoiean emakumeen pilota partida egonen da eta 13:00etan Carmen eta Nabarreria kaleek Zaharren Krosa hartuko dute. Indarberritzeko, kaldereteak prestatuko dira Santa Ana plazan edo Auzogunean eta auzoko zenbait kaletan antolatu diren herri bazkarietan parte hartu ahalko da. Gauean, festak musika eta kontzertuekin jarraituko du Nabarrerian, Auzogunean eta Alde Zaharreko taberna eta espazioetan. Horrez gain, giro zaratatsutik urrundu nahi duenak, beste aukera batzuk izanen ditu larunbatean: egun osoan zehar, Zaporeak elkarteak Errefuxiatuaren Txokoa jarriko du San José plazan, eta Piparrika baratze komunitarioan 18:00etatik aurrera giro lasaiagoaz gozatzen ahalko da San Fermin Txiki tropikala-rekin.

Igande goizean artisau feria izanen da Merkaderes eta Txapitela kaleetan, eta herri kirolak Compañia plazan. Arratsaldean, Alde Zaharreko erraldoi eta buruhandi konpartsa berriz ere auzoko kaleetan ibiliko da, eta 19:00etan haurrentzako zezen gurpildunen kontzentrazioa bilduko da Santo Domingon, 20:00etan Dormitaleriatik jaietako azken entzierro txikia atera aurretik, eta 20:30ean Aldapa kaletik azken zezensuzkoa.

Aldez aurreko jarduerak

San Fermin Txikiko jaien aurretik, jardueraz betetako astebete egonen da. Irailaren 20ean, ostirala, korporazio txikia aukeratu zen Santa Ana plazan, eta irailaren 23tik urriaren 5erarte San Fermin Txikiko kartelen erakusketa egonen da Plazara! espazio komunitarioan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!