Hiru Burguen Erdi Aroko azokan ehun saltoki inguru izanen dira

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 6a, 09:42
Igandean, Batasunaren Pribilegioaren egunean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa aterako da, eta udal-desfilea zein Karlos III.arendako errespontsua eta lore-eskaintza izanen dira.

Ostiral arratsaldean, bihar, irekiko da Hiru Burguen Erdi Aroko azoka; bertan 120 saltoki izanen dira, elikagaiak, artisau-produktuak eta bestelakoak salgai, Alde Zaharreko kaleetan. Hiriko erdialdea apainduta dago jada banderaz, zutoihalez eta estandartez, igandea arte azoka hau berriro eskaintzeko; gainera, azokan musika-jarduerak eta lantegiak izanen dira goizak zein arratsaldeak girotzeko. 

Hiru Burguen Erdi Aroko azokaren ordutegia honako hau izanen da: ostiralean, 17:00etatik 21:00etara; eta larunbat eta igandean, goizez zein arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Saltokiak hemen izanen dira: Mercaderes kalea, Udaletxe plaza, Kale Berria, San Frantzisko plaza, Eslava kalea eta Kale Nagusia. Elikadura-produktu askotariko eta ezberdinak eskainiko dituzte (gazta, txokolatea, hestebeteak, pastak eta gozogintzako produktuak, eztia…), bai eta bestelako produktuak ere (larru-, beira- eta zilar-lanak, haurrendako jostailuak, oinetakoak, dekorazio-produktuak…). Saltoki batzuetan, ikusgai izanen dira salgaiekin loturiko elementu etnografikoak, eta beste batzuetan, artisauek publikoaren aurrean, zuzenean, landuko dituzte materialak. Antzinako lanbideen erakustaldian zurginak, zapatariak, zeramikariak, zilargileak, eltzegileak, kopistak, lurringileak eta magoak izanen dira.

Batez ere haurrei zuzendutako lantegiak ere aurreikusi dira, besteak beste, buztinlari-lanak birsortuko dituztenak; gainera, Erdi Aroan girotuta egonen dira: lore lehorrak, forjaketa, beira-puztea, buztingintza eta musika tresnak. Jarduera-eskaintzaren osagarri izanen dira musika-animazioko kalejira bat eta Erdi Aroko taberna bat San Frantzisko plazan.

Igandean, Batasunaren Pribilegioaren egunean

Batasunaren Pribilegioaren 596. urteurrena ospatzeko eginen diren ekitaldi instituzionalak igande arratsaldean izanen dira, irailak 8. 17:00etan Erraldoi eta Buruhandien konpartsa autobus geltokitik aterako da, eta Udaletxe plazaraino joanen; bertan, 17:45a aldera, Udalbatza batuko zaio, hiriaren izenean desfile bat egiteko, Iruñeko hiru burgu historikoetako kaleetan barna. Udalbatzarekin, konpartsaz gain, Duguna Folklore Taldeko dantzariak, Udalaren gaitero eta txistulariak eta La Pamplonesa Udalaren musika-banda egonen dira. 

18:30ean, Andre Maria katedralean, Udalbatza hor ere egonen delarik, errespontsua eta ohiko eskaintza eginen zaizkio Karlos III.ari, zeina 1423an Hiru Burguen Batasunaren Pribilegioaren egilea izan baitzen. Ekitaldia burututakoan, Udaletxe plazara itzuliko dira. Ondoren Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa autobus-geltokira itzuliko da.

La Pamplonesak emanen dio amaiera egunari, 20:00etako kontzertuan, Gazteluko plazan. Udal-bandak estilo ezberdinetako piezak joko ditu, hala nola musika herrikoia, klasikoa, banden musika eta martxak, XX. mendeko egile amerikar eta europarrek konposatuak, honako egile hauenak, esaterako: Silvanio Cervantes, Jan Van der Roost, Clemente del Hoyo, Robert Jager, Manuel Turrillas, Pablo Sarasate eta Jesús Guridi. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!