Lee Fields eta Roy Ellis, Soularen eta Skaren legenda biziak hurrenez-hurren, Beltza Weekend jaialdiaren hirugarren edizioaren kartelburuak dira. Irailaren 12, 13 eta 14an egingo da Iruñean jaialdia. Haiekin batera, Michelle David & The Gospel Sessions eta Aretha Soul Divas & Silverbacks taldeek joko dute. Azken hauek, Aretha Franklin-i, Soularen erreginari alegia, omenaldia egingo diote bere heriotzaren lehen urteurrenean. Gainera, beste bi kontzertu gehiago izanen dira gozagai, biak ala biak doakoak: Gasteizko The Allnighters eta Iruñeko Las Kasettes taldeek emanen dituztenak. Kartel honek, musika beltzaren aniztasuna eta aberastasuna islatzea du xede, beti ere, artisten kalitatea oinarri hartuta.
Programazio osagarri batek borobiltzen du aurtengo jaialdiaren eskaintza musikala. Kultur-egitarau honen helburua, musika beltzaren historia, jatorria, estetika, kultura eta testuingurua aztertzea da, berau zabaldu eta haren gainean gogoeta egiteko. Halaber, honen bidez, Beltza Weekend-ek Iruñeko beste gune batzuetara, bai eta beste adin-tarte batzuetara ere, hedatu nahi du bere jarduna, jaialdia ez ezik, hiriko eskaintza kulturala aberastuz. Zine zikloa, margo erakusketa, liburu aurkezpena eta haurrentzako ikuskizun bat gozagai izanen dira aurten.