Azaroaren 5ean amaituko da Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketara idazlanak aurkezteko epea

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 5a, 13:29

Lehiaketak hiru sari banatuko ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak; eta, gehienez, lau aipamen eman ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa.

Azaroaren 5ean amaituko da Egile Berriendako Euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketara idazlanak aurkezteko epea. Lehiaketan hiru modalitate daude: poesia, narrazioa eta bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira bertsolaritzaren arauekin bat). Lehiaketak hiru sari banatuko ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Gainera, epaimahaiak 250 euroko lau aipamen eman ahalko dizkie, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe. Udalak sariak argitara emanez gero, horiek gainontzeko saridunekin batera egongo dira.

Parte-hartzaileek modalitate bakoitzeko lan bakarra aurkeztu ahal dute, gai librekoa, euskaraz idatzia, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Bere izenpean, bakarka, literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izango dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izango dute berriro parte hartu modalitate horretan.

Poesia modalitatean lanek 15 orri eduki behar dute gutxienez, eta horiek alde bakar batetik eta tarte bikoitzaz idatzi behar dira. Narrazioan ere, 15 orrikoak izan behar dira, gutxienez, alde bakar batetik eta tarte bikoitzaz. Azkenik, bertso-paperek gutxienez 25 bertso-ahapaldi izango dituzte, elkarrekin nolabaiteko batasuna osatzen duten gai ezberdinak har ditzakete hizpide, betiere bertsolaritzaren arau formalak betez.

Lanak Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan edo indarra duten legeek aurreikusitako edozein bideren bitartez aurkeztu beharko dira. Lan bakoitzaren bosna kopia aurkeztu beharko dira, izenorde batez sinaturik, zein modalitatetara aurkezten den argi adieraziz. Kopiekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztuko da, non sartuko baitira kasuan kasuko izenordeari dagozkion datuak: izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izango da lehiaketan onartu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!