Haurrendako proposamenak, Iruñean barnako ibilbide bat, Yamaguchi parkerako irteera bat eta ihes-joko bat Takoneran, udako bisita gidatuetan

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 5a, 12:33

Sarrerak eskuragarri daude Turismo-bulegoan eta pamplona.es webguneetan

Iruñeko Udalak eta hiriko turismo-enpresek antolatu duten bisita gidatuen programazioak bisita gidatu tematikoen hainbat mota eskaintzen ditu, kanpokoei zein tokikoei ondarearen, historiaren eta berdeguneen sekretuak erakusten dizkietenak. Batik bat familientzat direnez, haurrentzat berariaz prestatutako batzuk ere badaude. Adibidez, ostegunean, abuztuak 8, Parkeen esploratzailea zikloa amaituko da, Yamaguchirako bisita batez, gaztelaniaz zein euskaraz. Larunbatean, abuztuak 10, eta abuztuaren gainontzeko larunbatetan ere, 12 urtetik gorakoendako ihes-joko bat egingo da, Taconerako sekretuen inguruan, eta euskarazko bisita bat, Iruñeko erresumaren inguruan.

Proposamen hauetarako guztietarako sarrerak Udalaren turismo-webgunean (www.pamplona.es/turismo), https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunean edo Turismo Bulegoan bertan (San Saturnino kalea, 2) har daitezke. Bulego berean tiketak ematen dituen totem bat jarri da, bai bisita gidatuetarako bai Iruña Card txartelaren hitzarmena duten gainerako jardueretarako. Honako enpresa eta entitate hauen sarrerak daude eskuragarri: Zezen-plaza, Nafarroako Unibertsitateko Museoa, Planetarioa, TripNavarra Tours, Destino Navarra bisita gidatuak eta Overtrails Incoming-en bisita gidatuak. Bisitetako batzuek deskontuak dituzte prezioetan Iruña Card txartela dutenentzat. Informazio gehiago jasotzeko, interesdunek Turismo-bulegora jo ahal dute, 948 420 700 telefonoan edo oficinaturismo@pamplona.es helbide elektronikoaz.

Ostegunerako eta larunbaterako proposamenak

Yamaguchi parkean izango da Parkeen esploratzailearen azken saioa, Taconera, Ziudadela eta Media Luna bisitatu ondoren. Bisita familientzat izango da, haurrentzat bereziki, horiek Udalak editatutako eskuorri bat edukiko baitute, parkea bisitatu ahala jarduera sorta egiteko. Bisita gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko da, eta 11:00etan izango da. Prezioa 3 eurokoa da, eta 7 urtetik beherako haurrentzat, doan.

Abuztuko larunbatetan familiendako bisita izango da, euskaraz, Turismo Bulegoko arkupeetatik abiatuta eta honako hauetan barna: Donejakue bidearen zati bat, entzierroaren ibilbidea, harresien gunea eta katedrala. Ibilbidean honako hauek bisitatuko dira, besteak beste: San Domingo aldapa, Udaletxe plaza, Redingo bastioia, Nabarreria burgua eta Katedralaren ingurua. 11:30ean hasiko da, 3 euroko prezioaz, eta 6 urte artekoentzat, doan.

Larunbatetan, arratsaldez, igarkizunak atari zabalean ebazteko jokoa egingo da Taconera parkean, 19:30etik 20:45era. 12 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta 5 kideko taldeak eratuko dira. Mapa bat eta zenbait osagarri fisiko (kutxak giltzarrapoekin, etab.) banatuko zaizkie taldeei, eta haietaz baliaturik Taconera parkeko tarte batean barna ibiliko dira igarkizunak, jokoak, asmakizunak eta hieroglifikoak argitzeko. Gutxienez telefono mugikor bat eraman beharko dute igarkizun bat edo batzuk argitu ahal izateko. Izena emateko prezioa 5 euro da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!