Polizia eta segurtasun indarren lana goraipatu du Maiak, sanferminen balantzean

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 15a, 13:35

Herri Sanferminak Alde Zaharretik ateratzeko asmoa berretsi du Iruñeko alkateak. Bi sexu eraso gertatu direla jakinarazi du.

"Jai paregabeak izan dira, dibertigarriak, alaiak eta seguruak". Saferminen balorazioa egin du gaur Enrique Maia Iruñeko alkateak. Polizia eta segurtasun indarren lan "paregabea" goraipatu du prentsaurrean.

Bi sexu eraso salaketa izan dira sanferminetan. Uztailaren 6koa bata; bestea, uztailaren 12koa. Bigarren hau ikertzen ari ziren, eta orain eman diote "eraso" kategoria, indarkeriaren erabileragatik."Talde politiko guztiak gaude indarkeria mota horren aurka kontzientziatuta", azaldu du. Pozik da alkatea, haren ustez, sexu erasoek ezin dutelako "Poliziaren eta segurtasun indarren lan paregabea itzaldu".

Bere udal gobernua ere zoriondu du, kaleko saltzaileak bota egin dituztelako. Amaierarako utzi du ikurrinaren auzia eta txupinazoan eta pozesioan gertatutakoaren balorazioa. "Ez da normala erradikalen irainak, presioa eta eraso saialdiak pairatu behar izatea", adierazi du.

Txupinazoko istiluen inguruan, bost salaketa erregistratu direla jakinarazi du: EH Bilduko Maider Belokik jarritakoa, Navarra Sumako Carmen Albak jarritakoa eta hiru udaltzainek jarritakoak, "jasotako kolpeengatik". Maia: "Ez dut onartuko inork esatea ikurrina euskaltasunaren ikurra denik. Euskal sentimendu hori ordezkatua dago Nafarroako banderan. Ikurrina beste komunitate baten bandera da, eta udaletxetik zintzilikatu nahi izatea ez da legezkoa". EH Bildurekin hitz egitea bazterdu du alkateak. Curia kalean gertatutakoaz, gaineratu du, grabatuta dagoela jazotakoa eta "erantzugo" dutela.

Herri Sanferminak gustoko ez dituela argi adierazi du alkateak, eta kexak jaso dituztela. Kokalekuz aldatu nahi du gunea alkateak, hau da, Alde Zaharretik atera. Arrotxapeara eramatearen aukera aztertzen ari direla jakinarazi du. 

Herri Sanfeminetako kideak pozik dira sanferminetan izan duten erantzunarekin. Lucia Etxeberria izan da Guardasola saioan: "Ez dugu arazorik izan, baina ez dugu baztertzen agian isunak jaso ditzazkegula".

Sanferminak, zenbakietan

Udalak antolatutako jardueretan 1,33 milioi pertsonek parte hartu dutela jakinarazi du udalak. Aurreko urteekin alderatuta behera egin du parte hartzeak. Hala ere, hotelen okupazioak gora egin du aurten sanferminetan: %94koa izan da. 1,1 tona zabor banatu dituzte. Entzierroetan 13.800 korrikalarik hartu dute parte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!