Uztailaren 7ko goizaldean neska batek salatu zuen “ukituak” egin zizkiotela komun publiko batean. Atzo, sanferminetako azkeneko egunean, eraso hori gaitzesteko elkarretaratze zaratatsua egin zuten Gaztelu Plazan, Gora Iruñea plataformak eta Indarkeria Sexistaren kontrako Emakumeen Plataformak deituta.
Jendetza elkartu zen mobilizazioan. Peñen federazioko kideak eta politikari ugarik ere bat egin zuten deialdiarekin. Bost minutuko txistualdia egin eta gero, Kenia Corderok eta Angela Epalzak jakinarazi zuten 18 emakumek salatu dituztela erasoak sanferminetan. Horiek “konfiantzazko espazio irekietan” gertatu direla salatu zuten, eta aldarrikatu zuten emakume guztiek eskubidea dutela “erasorik gabeko jaiak bizitzeko, eta kalera beldurrik gabe ateratzeko”.