Emakumeek pilotalekua beteko dute larunbatean

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 12a, 09:53

Emakume Master Cup Sanfermin txapelketako finalak jokatuko dituzte Labriten: Lehen mailako finalean, Amaia Jaka izanen da atentzio guneetako bat berme osoko atzelari bat lagun duela, Maite ruiz de Larramendi, Iera Agirre eta Oihana Orbegozo izango dituzte parean pronostiko zaileko partida batean. 

Labritek 2019ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermin Txapelketako finalak jasoko ditu larunbatean.

Sanferminak bere azken orduak ospatzen ari diren honetan, Labritek jaiaren erdigunea izaten jarraitzen du eta larunbatean garaiko emakumezko pilotaririk onenei zabalduko dizkie bere ateak Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermín Txapelketa 2019ko finalak ospatuko baitira bertan. Nafarroako pilotariek protagonismo berezia izango dute, zortzi finalistetatik sei nafarrak izango dira eta.

ETBko kamarek jaialdia zuzenean eskainiko dute eta 11.30etan hasita, 18 urtez azpiko finala izango da jokatuko den lehena. Aurten txapelketa honekin Nafarroako harrobian egiten ari diren lan ona erakusleihoan jarri nahi izan dute antolatzaileek. Arriate Bergara eta Katixa Agoretak Eider Salbide eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko dute. Bi bikoteek oso finalerdi desberdinak jokatu zituzten aurreko larunbatean Lizarran. Lehenek izugarri sufritu zuten Leire Oscoz eta Ane Mendibururi tanto bakar batez irabazteko, Salbide eta Ruiz de Larramendik, ordea, partida erosoa izan zuten Udane Bergara eta Garazi Lasaren aurka.

Lehen mailako finalean, Amaia Jaka izango da atentzio guneetako bat, izan ere, lehen aldia da Sakanako aurrelariak Master Cup lehiaketa batean parte hartzen duela eta oso itxura ona eman zuen aurreko larunbatean Remontival pilotalekuan. Berme osoko atzelari bat lagun duela, Maite ruiz de Larramendi, Iera Agirre eta Oihana Orbegozo izango dituzte parean pronostiko zaileko partida batean. Bi bikoteek nagusitasunez atera zituzten aurrera euren finalerdiak eta goi mailako ikuskizuna espero da pilotaleku iruindarrean.

 

 Emakume Master Cup erabiltzailearen argazkia.

Amaia Jakari egindako elkarrizketa irakur daiteke segidan: 

Pozik egindako txapelketarekin?

Bai, oso. Hasieran urduri negoen, zalantzak nituen maila emango nuen ala ez. Orain finalean ikusita, oso pozik.

Espero zenuen finalean egotea?

Ez, banekien maila handia zegoela. Txapelketan apuntatu nintzenean, ez nuen finalean pentsatzen, soilik finalerdietako partidua ondo ateratzea eta disfrutatzea zen nire asmoa.

Nola moldatu zara zure bikotearekin?

Lehenengo aldia da Maiterekin jokatzen dudala.Nire bikotea izango zela jakin nuenean ilusio handia egin zidan, eta lasaitasun pixka bat hartu nuen. Berarekin jokatzea plazer bat izan da.

Lesio bat gainditu duzu baina ikusi da ondo prestatu duzula San Fermín Torneo?

Bai. Irailean belauna bihurritu nuen eta geroztik errehabilitazioan nago, ariketak egiten. Partiduan ez nuen iñolako molestiarik sentitu eta alde horreratik oso pozik.

Nork animatu zizun txapelketan parte hartzen?

Etxekoek. Behin baino gehiagotan animatu naute berriz ere pilotan ibiltzeko eta azkenean, pausua eman dut.

Hartutako erabakiaz gustora?

Bai, oso gustora. Orain Labriten jokatzera, San ferminetan, opari bat da. Uste dut oso egun polita izango dela, partidua galdu ala irabazi.

Nola ikusten duzu finala?

Oso zaila. Maila handia dago, denek asko jokatzen dute. Nire helburua maila ematea eta partidu on bat egitea izango da.

Irabazten baduzu nori eskeiniko diozu txapela?

Seguraski frontoira gerturatzen den jende guztiari eta horrelako egunak posible egiten dutenei eskeiniko diet.

Emakume Master Cup txapelketan izena emango duzu irailetik aurrera?

Ez dut pensatu, baiña oso esperientzia polita izan da txapelketa honetan parte hartzea, berriz errepikatuko nuke, beraz, seguraski animatuko naizela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!