Txupinazoan banderak eta oihal handiak zabaltzea debekatu du Maiak

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 27a, 14:03

Banderak eta pankartak Iruñeko UDaletxe plazan, 2018ko txupinazoan

Sanferminetako udal bandoan ezarri du debekua Navarra Sumako alkateak

Uztailaren 6ko eguerdian, ezinen da sartu Udaletxe plazan eta Gazteluko plazan banderarik, tamaina handiko oihalik, makilarik ezta beirazko ontzirik ere. Objektu guztiok zaku berean sartu ditu Enrique Maia alkateak Sanferminetako bandoan, eta argudiatu du “arriskuak ekiditeko” egin duela.

Bistan da, baina, debekuak segurtasunarekin ez ezik baduela eraginik adierazpen askatasunean, aintzat hartuz, esate baterako, iaz, eguerdiko hamabietan, Udaletxe plazaren erdian, jendetzaren artean, bederatzi bandera eta pankarta handi ikus zitezkeela. Besteak beste, ikurrina, Nafarroako bi bandera, presoen Euskal Herriratzearen aldekoa, okupazioaren aldekoa, Altsasuko gazteei buruzkoa eta autodefentsa feminista aldarrikatzen zuena.

Bandoaren arabera, ezinen dira plazotan sartu “tamaina handiko bandera edo oihal handiak, parte hartzaile kopuru handia estal dezaketenak, eta hala nahi gabeko masa mugimenduak eragin ditzaketenak”.

Debekurik gabeko azken lau urteotan, ez da liskarrik izan Txupinazoan banderen edo pankarten ondorioz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!