Uztailaren 13an jokatuko da Sanferminetako emakumezkoen eskupilotako final haundia

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 24a, 14:02

Uztailaren 6an hasiko dira kanporaketak Lizarran eta uztailaren 13an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko da finala. Iaz egin zen lehendabiziko aldiz Sanferminetako txapelketa hau eta harmailak zaletuz bete egin ziren finalaz gozatzeko.

"Aukera paregabea da gure kirola ikusgarri egiteko" azaldu du Arrate Bergarak. Pilotari tuterarrak iazko partida oraindik ere du gogan "giroa beroa izan zen, polita, harmailak beteta eta gainera mundu guztia txuriz eta gorriz jantzita, oso berezia izan zen dena".

Sanferminetako zurrunbiloaren erdian, Labrit pilotalekua izango da Iruñan ekitaldi gehien jasoko dituen guneetako bat eta emakumezkoen esku pilotak ere izango du bere tartea bertan ospatuko diren jaialdi ugarien artean, Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermín Torneoarekin. Iaz hasitako ibilbide arrakastatsuari jarraiki, eta Nafarroako Gobernuak emandako bultzadari esker, gaur egungo pilotari onenak bi mailatan lehiatuko dira, 18 urtez azpikoena eta maila nagusian.

Aurten nabarmendu beharrekoa da 18 urtez azpikoen txapelketan arituko diren pilotari guztiak nafarrak izango direla, harrobiarekin lan ona egiten ari direnaren seinale, kirol honen etorkizuna nolabait bermatuz. Maila nagusian ere nabarmena izango da bertako pilotarien presentzia Iera Agirre, Amaia Jaka, Andrea Aldaregia eta Naroa Elizalderekin.

Finalak uztailaren 13an, larunbatean, jokatuko dira Iruñako Labrit pilotalekuan, goizeko 11.30etatik aurrera, eta bi partidak ETB-k zuzenean botako ditu, baina txapelketa luzeagoa izango da eta finalerdiak Lizarran jokatuko dira, uztailaren 6 eta 7ko aste bukaeran.

Gaurko aurkezpenean Iera Agirre, Arrate Bergara, Miren Larrarte eta Andrea Aldaregia pilotariak izan dira, eta baita ere Primitivo Sánchez, Nafarroako Gobernuko kirol zuzendari ordea, Maria Caballero, Iruñako Udaleko kirol zinegotzia, Alicia León, Iruñako Laboral Kutxaren bulegoko zuzendaria eta Miguel Pozueta, Nafarroako Pilota Federazioko lehendakaria. Erakunde hauen guztien laguntza eta babesa ezinbestekoak izan dira ekitaldia antolatu ahal izateko.

 

18 urtez azpiko finalerdiak

Leire Oskoz-Ane Mendiburu / Katixa Agorreta-Arrate Bergara

Eider-Salbide-Olatz Ruiz de Larramendi /Udane Vergara-Garazi Lasa

 

Nagusien mailako finalerdiak

Amaia Jaka-Maite Ruiz de Larramendi /Miren Larrarte-Naroa Elizalde

Era Agirre-Oihana Orbegozo / Andrea Aldaregia-Amaia Aldai

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!