Dantzan aritu diren emakumeek jasoko dute Festa saria

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 21a, 07:44

Festa saria banatzen du Bronce peñak.

Bronce Peñak ematen duen saria da hori eta helburu du jai eremuan emakumeek izan duten presentzia gogoan izan eta omentzea. Musikariek, lehenengo zinegotziek eta orain dantzariek jasoko dute saria. 

Jaietan Berdintasunari ekarpena egin dioten emakumeak aitortzen ditu Bronce Peñako Festa izeneko sariarekin. Aurten, dantzariak omenduko ditu. Eta emakumezko dantzari guztiak hartuko dituzte aintzat hamar emakumeri saria emanez.

Erraldoiek, kilikiek eta musikariek bezala dantzariek ere kolorea ematen diete sanferminei. Kalean ikusten ditugu festa giroan. Baina, ez da beti horrela izan: emakumeak ez dira ekitaldi ofizialetan dantzan aritu 1999. Urtera arte. Arrazoi erlijiosoak tarteko eta tradizio matxistak eraginda gertatzen zen hori. 

Egun dantzari diren emakumeei emanen diete Festa saria, tartean, Aniana Alfarori eta Ainara Ibañezi. Baina, egun laurogei urte baino gehiago dituzten beste hainbat emakumeri ere: eurak ere dantzari izan zirelako, eta nahiz eta, ekitaldi ofizialetan kalera ateratzerik ez zuten izan, tokia egin zieten ondorengo emakumeei bidea erraztuz.

Emakumeek sanferminetan izan duten parte-hartzearen historia idazten ari dira Bronce Peñako kideak. Festa saria da horren adibide. Uztailaren 11n emanen diete saria dantzan aritutako emakumeei. Eta hori baino lehen, ekainaren 27an, ‘Aintzindariak’ izeneko dokumentala estreinatuko dute Nafarroako Filmotekan.

Duela lau urte banatzen ditu Festa sariak Bronce peñak. Dantzarien aurretik, musikariak omendu zituzten, Iruñeko lehenengo zinegotziei egin zieten aitortza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!