120tik gora txistulari gaztek parte hartuko dute Alarde Txikiaren hirugarren edizioan, bihar

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 20a, 18:46

Emanaldia 20:00etan hasiko da, Udaletxeko plzana. 'Txorien xuxurlak' da aurtengo izenburua

Udaletxean izango da, ostiralean, Alarde Txiki izenaz ezagunagoa den Nafarroako txistulari gazteen kontzertuaren hirugarren edizioa. Txorien xuxurlak izenburupean, aurtengo kontzertuan Nafarroa osoko musika-eskoletako 120 txistularik baino gehiagok parte hartuko dute. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea da. Kontzertua ostiralerako antolatu da, horrela bat eginez Europako Musika Egunarekin eta udako solstizioarekin.

“Ama artean haurra zenean, leihotik gertu uzten zuen txistua, gauero. Bazekien, lehenago ala beranduago, txoriak etorriko zirela. Leihoan bermaturik, urruneko tokietan edo hurbileko paisaietan gertatutako istorioak kontatzen zizkioten; eta istorio horiek niri kontatu dizkit amak. Txoriek doinua maite dute, txistuarena batik bat, eta horrela, doinu gozo horri jarraiturik, orain zuekin partekatuko ditugun istorio ederrak ekarri dizkigute”. Hori izango da ardatz nagusia hirugarren Alarde Txikirako, hots Nafarroako txistulari gazteen hirugarren kontzerturako, zeina Euskal Herriko Txistulari Elkarteko Nafarroako taldeak antolatu baitu.

Errepertorioan, kanta tradizionalak entzungo dira, honako konpositore hauek moldatuak: Joaquín Lecumberri, Aitor Urquiza, Jimmy Bidaurreta, Karlos Sánchez Ekiza, Juanma Sáez, Iñaki Dieguez eta Urtzi Iraizoz. Horrez gain, beste doinu batzuk entzungo dira, askotariko erritmo eta musikaltasunez hornituak, eta Ismael Yagüe, Mikel Laboa, Karlos Sánchez Ekiza, Iñaki Otano eta Benito Lertxundi egileek konposatuak. Aitor Urquiza izango da musika-zuzendaria, eta Amaia Elizagoien, narratzailea.

Musika-eskola hauetako ikasleek hartuko dute parte: Iruñeko Joaquín Maya, Burlata eta Atarrabiako Hilarión Eslava, Mutiloakoa, Noaingoa, Barañaingo Luis Morondo, Uhartekoa, Orkoiengoa, Tafallakoa, Berriozarkoa, Berakoa, Sol, Aralar eta Orreaga eskolak eta Sarrigurengo Joaquín Lizarraga IPa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!