Hauteskundeak 2019

"Azken ahalegina" egiteko prest azaldu da Asiron, PSNri eskua berriz ere luzatuz

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 14a, 13:23

EH Bilduko Maider Beloki, Joseba Asiron eta Joxe Abaurrea, gaur eskainitako prentsaurrekoan.

"Aukera erreal bakarra" EH Bildurena dela adierazi du EH Bilduko alkategai Joseba Asironek.

Bihar 18:00etan eginen dute Iruñeko Udalean udala osatzeko osoko bilkura. Ordura arte udal "aurrerakoia" lortzeko ahalegina eginen duela berretsi du gaur Joseba Asiron EH Bilduko alkategaiak. 

Iruñea hiri "aurrerakoia" dela adierazi du, udal hauteskundeetan "13-14 bat marraztu" zutelako hiritarrek. Navarra Sumaren 13 zinegotziak alde batetik, eta EH Bildu, Geroa Bai eta PSNrenak, bestetik. Azken hau da Joseba Asiron buru EH Bilduk nahi duen udala. Atzo bilera deitu zuten Geroa Bai, EH Bildu eta PSNren artean, baina PSN ez zen bertaratu. Asironek beste behin eskua luzatu dio PSNri. Asironen esanetan, PSN da “giltza”, eta bere esku du “aldaketa” edo “Iruñea eskuinaren esku uztea“.

Beste aukerez galdetuta, erantzun du "aukera erreal bakarra" dela EH Bilduren inguruan egituratzea alternatiba. Maite Esporrinek erakutsi duen jarreraren aurrean gogor mintzatu da: "Ez dakit zer logika duen esatea 'ez naiz zurekin eseriko baina zure botoak hartuko nituzke. Politikaren alde txarrera adierazten du".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!