Pamplonesak jaurtiko du sanferminetako txupinazoa

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 12a, 13:18

Sanferminetako Mahaiko lau elkartek aurkeztutako hautagaitzak herritarrek emandako botoen % 92,1 jaso du.

Pamplonesa musika-bandak jaurtiko du 2019ko sanferminetako txupinazoa, Iruñeko Udalak antolatutako bozketan boto gehien lortu dituen hautagaitza baita. Erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek emandako 9.472 botoen % 92k baino gehiagok bermatu dute musika-bandaren hautagaitza, aintzatespen honetarako. Sanferminetako Mahaian proposatu zuten lau elkarteek –Iruñeko Udaleko Gaiteroen Banda, Iruñeko Peñen Federazioa, Zabalguneko Auzo Elkartea eta Gayarre Antzokia Fundazioa–, hautagaitza aurkeztean, Pamplonesak duen jaiekiko lotura argudiatu zuten, beste merituen artean, eta hiriaren historian beti berton izan den bandak mendeurrena 2019an betetzen duela gogorarazi.

Aurten, laugarren urtez, Iruñeko alkateak, orain jardunean, Joseba Asironek, herritarrei eskuordetu die txupinazoa jaurtiko duena izendatzeko erabakia, zeina Alkatetzaren eskumena baita. Pamplonesa Luis Sabalza Iriarte hautagaiarekin izan da lehian, 8.724 eta 748 botoz hurrenez hurren. 2014tik Osasuna Klub Atletikoko lehendakaria denaren aldeko hautagaitza Corredores del Encierro taldeak aurkeztu zuen.

Iruindarrek aukeratutako izena jarduneko alkateak iragarri du prentsaurrekoan; eta musika-bandaren ordezkari José Andrés Palacios Pamplonesako lehendakaria izan da.

2008tik bosgarren kontsulta, boto-kopuruaren arabera

Parte-hartzea maiatzaren 28tik ekainaren 10era gauzatu da (ekainaren 9a arte aurrez aurreko bozketan). Bozkatu duten 9.472 pertsonen % 81,1ek (7.684) www.pamplona.es webgunean eman dute botoa, iaz baino batzuek gutxiagok, bide hori iazko hautesleen % 89k aukeratu baitzuten. Beste 1.265 lagunek (% 13,4) Civivox sareko hautetsontziren batean utzi dute beren botoa, eta beste 523k (% 5,5) telefonoz bozkatu dute, 010 Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren bidez.

Guztirako kopuruei dagokienez, sanferminei lotutako 16 kontsultetako parte-hartze altueneko bosgarren kontsulta-prozesua izan da. 2008tik, jaietako kartela hautatzeko 12 egin dira; eta, 2016tik, txupinazoari lotutako beste 4. 2019ko txupinazorako hau bosgarren lekuan dago, honako hauen ondoren: 2018ko txupinazorako hautagaiaren hautaketa(12.213 botoz); aurtengo kartelaren hautaketa (10.629 botoz); 2016ko txupinazorako bozketa (9.830 botoz); eta 2009ko kartelaren hautaketa (9.782).

2019an, aldiz, hautagaitzen arteko aldeak duen kopuruari dagokionez, lau hautapen-prozesuetako altuena da aurtengoa; izan ere, herritarren % 92,1 La Pamplonesaren alde agertu baita, eta Luis Sabalzaren hautagaitzaren alde, berriz, % 7,9. Aurrekoetan hautatuek erdietsitako ehunekoak hauek izan ziren: botoen % 74,2 (DYA, 2017); % 42 (Motxila 21, 2018) eta % 40,3 (El Tuli, 2016). Urte horietan suziria pizteko ohorea 4, 4 eta 6 hautagaitzaren arteko lehian zegoen, hurrenez hurren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!