'Gu aurrera goaz' dinamika aurkeztuko dute mosaiko erraldoi baten bidez ostiralean

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 12a, 09:01

Iruñeko norbanako, eragile eta taldeek osatu dute dinamika berria. Proiektu, eskubide, espazio eta baloreetan atzera egitearen arriskua ikusirik aldarrikapenak eginen dituzte kalean. 

Iniziatiba berri bat aurkeztuko dute ostiralean Iruñean: Gu aurrera goaz izena eman diote. Norbanakoak, eragileak eta taldeak elkartu dira eta aurrera begira jarrita kezka azaldu dute ez ote diren herritarren eskubideak, proiektuak, espazioak eta baloreak desagerraraziko. Atzera pausorik ez dutela onartuko adierazi dute ekimen sortu berritik eta ekimen berria ezagutarazteko hitzordua ostiralean egin dute 18:00etan Iruñeko udaletxe plazan. Mosaiko erraldoia osatu nahi dute. Hauxe da publiko egin duten oharra:

Iniziatiba Iruñeko norbanako, eragile, zein ehun sozialaren esku egon behar dela uste dugu. GUre proiektu, eskubide, espazio eta baloreetan atzera egitearen arriskua ikusten dugulako. Eta atzera pausorik eman nahi ez dugula transmititu eta aldarrikatu nahi dugu dinamika honekin. Jendarte zein ehun sozialeko bestelako eragileei dei egin nahi diegu arriskuaren aurrean, dinamikara batzeko, bultzatzeko. Iruñean aldaketak aurrera egin dezan nahi dugu. Eraikitzen jarraitu nahi dugu, aldaketa sakonak eta eraldaketak bultzatzen jarraitu. GUre proiektu eta baloreetan sakondu, eta atzerapausorik onartuko ez dugula ozen oihukatu.

Dinamikaren leloa eta iruditegia!

GU Aurrera Goaz! ¡Seguiremos construyendo! Leloak lehenago aipatzen genuen diskurtsoa irudikatu nahi du: GUre proiektuetan ez dugu atzerapausorik onartuko eta, aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Ez dugu bestelakorik onartuko, GU Aurrera Goaz! Irudia irribarredun aurpegia izan nahi du. GU iniziatiba herritarrengan jartzen du, sujbektu aktiboa herritarrok gara, GU gara. GU horrek proiektu bakoitzari erreferentzia egiten die: GU hiri baratza, GU auzo jaiak, GU LGTBI gunea, GU gune komunitarioa, GU... Geziak aurrera egitearekin lotzen da eta triangelu koloretsuek Iruñeko ehun sozialaren aniztasun guztia irudikatu nahi dute.

Dinamikaren ezaugarritzea!

Ideia dinamika eta ekimen sorta koloretsu eta anitzak egitea da. Sinpatikoa, alaia eta positiboa. Zuen sareetan zabaldu, lau haizeetara zabaldu. Balore aurrerakoiak azpimarratuko dituen dinamika da: parekidetasuna, parte-hartzea, aniztasuna, auzolana, kultura, euskara, bizitza komunitarioa...

Sareetan saltsa

Facebook, Twitter, Instagram, Whatsapp eta Telegramen, besteak beste, gure mezua #GuAurreraGoaz #GU eta #SeguiremosConstruyendo leloak erabiliko ditugu. Hortaz gain, sare sozialetako profiletan jartzeko irudia eta stickerrak zabalduko ditugu

Ideia sorta!

Talde edo bizilagun ezberdinen argazkia, abestia grabatzea, bideoa, iritzi artikuluak, kalejirak, kaletik kartelak jartzea, antzerkiak eta parodiak, selfiak, marrazkiak, eskulanen argazkiak, muralak eta street art... finean, sareak eta kaleak blaitzea! Astindu buruak!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!