"Inpaktu handiko" ekimena egin nahi dute aurten. Anima Naturalis eta PETA taldeek aurten ere eginen dute protesta Iruñeko sanferminetan entzierroak eta zezenketak amaitu daitezen eskatzeko. Performanceen bidez egiten dituzte halako aldarrikapenak eta aurtengoan ere ikusgarritasuna bilatuko dute. Hiriko jai handien bezperan, uztailaren 5ean, eginen dute protesta hori. Sare sozialetan eta euren webgunean izen emateko deia ere egin dute ekimen horretan parte hartu edo aurretik ahal den heinean babesteko eskatzen ari dira.
Hauts gorria eta banderilla itxurako gailuak
Kolore gorriz zipriztindu zuten iaz udaletxeko plaza. Zezenaren odola izanen balitz bezala astindu zuten kolore gorriko hautsa. Duela bi urte zezenei sartzen dizkieten banderillak irudikatu zituzten eta leherrarazi egiten zituzten. Ikusgarritasuna bilatzen dute talde horietako kideek salatzeko zezenekin egiten dutena: hil arte torturatzen dituzte eta gizakien gozamenerako erabili. Horri irtenbidea eta amaiera eman behar zaiola aldarrikatuko dute beste behin.