Iruñeko udalean gobernua osatzeko ahaleginetan jarraitzen du Joseba Asiron jarduneko alkategaiak. Hala, atzo gauean Maite Esporrin PSNko alkategaiarekin hitz egin zuen balizko negoziazioez hitz egiteko, baina hark erantzun zion ez zela halakorik izanen. EH Bilduk mahai gainean jarri die Geroa Bairi eta PSNri inbestidura ahalbidetu dezakeen dokumentu bat, eskuineko hiru indarren zerrendari, Navarra Sumari aurre eginen dion alternatiba aurrerakoia osatzeko. Lau ardatz nagusitzen dira proposamenean:
- Elkarbizitza eta memoria historikoa
- Aurrerapen sozialak eta etxebizitza
- Mugikortasuna eta jasangarritasuna
- Berdintasuna.
Geroa Baik negoziaketarako bidea erdietsi du, ez ordea PSNk. Lau ardatzez gainera hiru proposamen ere jarri ditu mahai gainean:
- Alkatetza-Akordio baten bidez Asiron alkate egitea eta bideorria adostea. Ardurak hiru alderdien artean banatzea ekarriko luke horrek.
- Akordio puntual gisara ematea Asironi babesa. Eta horrek ekarriko luke beste udaletan aurrerakoia izan den alderdi bozkatuenari ahalbidetzea EH Bilduk alkatetza.
- Progresista den udal gobernua ahalbidetzea modu puntual batean udal gobernu barruan sartu gabe eta baldintzatu gabe etorkizuneko akordioak.
Moral bikoitza erabiltzea egotzi dio Asironek PSNri, Iruñean betoa jarriaz eta Nafarroako Gobernurako botoa eskatuz. Hala, Iruñean hartzen duten jarrerak baldintza dezake gainerako erakundeetan gertatuko denak. Horrez gain argi utzi du Asironek Maite Esporrin alkate egiteko botoak ematea ez dago EH Bilduren asmoen barruan, argi geratu baita EH Bildu dela bigarren indarra eta berari dagokiola lidergoa eskuratzea.
Larunbatean 18:00etan izanen da alkate berria ezagutzeko osoko bilkura. Goiz horretan ere, oraindik babesik lortu ez badute alderdi sozialistarekin saiatuko dira eskuinak Iruñeko Udala gidatu ez dezan negoziazioa ahalbidetzen. Gogorarazi dio PSNri legealdi honetan iritsi direla zenbaitetan akordioetara eta orain ulertezin egiten zaio EH Bilduri negoziaketaren bidea ere ixtea.