Euskadiko Orkestra Sinfonikoak edertasun handiko musika errusiarrarekin agurtuko du denboraldia

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 10a, 10:06

Porrota ala garaipena izeneko kontzertu-programaren amaiiera Iruñeko Baluarten ekainaren 11n izanen da, asteartearekin, 20:00etan.

Robert Treviñok errusiar musikaren aldeko hautua egin du Denboraldia ixteko, Rakhmaninov eta Txaikovskirekin, eta Alexei Volodin pianojoleari egin dio gonbita abentura honetan bidelagun izateko. Alexei Volodin Errusiako piano-eskolako eragin handieneko irakasleetako baten ikaslea izan zen Moskun –Elisso Virssaladze-rena, alegia–, eta 2003an ospea bereganatu zuen, Zuricheko Géza Anda lehiaketa irabazita. Ordutik, Errusiako errepertorioko gaur egungo espezialista handienetako bat izatearen sona erdietsi du, bereziki, besteak beste, Prokofiev eta Rakhmaninov autoreei dagokienez. 2013an bere diskorik txalotuenetako bat izan zena Rakhmaninoven pianorako musikari eskaini zion.

Rakhmaninoven espezialista handia dela erakutsiz, Volodinek piano-errepertorioko obra konplexuenetako bati egingo dio aurre kontzertuaren lehen zatian: konpositore errusiarraren Pianorako 3. kontzertuari. Rakhmaninovek, pianista bikaina bera, kontzertua bere buruarentzat idatzi zuen, etaVolodinek egundoko teknika eta erresistentzia fisiko handia izan beharko ditu, ia ez baitio jotzeari utziko berrogei minutuz.

Kontzertuaren bigarren erdirako Treviñok Txaikovskiren 5. Sinfonia hautatu du, XIX. mende amaierako sinfonia original eta gogoangarrienetako bat. Hura sortzea gogorra izan zen, eta hainbeste non errusiarrak adierazi ere egin zuen “nire sorgortutako burmuinetik zukutu egin behar” zuela. Haren barruan, Txaikovskik forma sinfoniko handia eta literatura-programa ezkutu bat uztartu zituen eta, tentsio horretatik, baita eslaviar folkloretik eta baleteko lengoaiatik ere, gaur egungo sinfonia eder eta ezagunenetako bat sortu zuen.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

18/19 Denboraldiaren amaiera, 19/20aren ‘zain’. Kontzertu-programa honekin Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Abonu Denboraldia amaitutzat joko du. Ekainaren 17an, Bilboko Euskalduna Jauregian, orkestra nagusi elkartu bezala, BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sarien kontzertua eskainiko du. 19/20 Abonu Denboraldia uda ostean hasiko da ‘Zain’ izeneko programa batekin. Publikoa ezezagunean barrenako bidaia batean eramango du, ia guztiz ezkutukoa izango den eta kontzertuaren egunera arte ezagutaraziko ez den programa batekin. Horren aurretik, Orkestrak Musika Hamabostaldiaren edizio berri batean parte hartuko du, baita Soriako Musika Jaialdian eta Zinemaldian ere, besteak beste.

Kontzertuak eta programa

-Ekainak 6 (20:00): Kursaal Auditoriuma, Donostia.
-Ekainak 7 (20:00): Kursaal Auditoriuma, Donostia.
-Ekainak 10 (20:00): Euskalduna Jauregia, Bilbo.
-Ekainak 11 (20:00): Baluarte Auditoriuma, Iruña.
-Ekainak 13 (20:00): Principal Antzokia, Gasteiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!