Denetarik, herri sanfeminetan: Afu, Brigade Loco, Egurra Ta Kitto, Sustrai Berriak, Liher, Eskean Kristö...

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 6a, 14:37

'Zapalduon jaia, sanferminen sustraia' leloa izanen dute aurtego herri sanferminek O eta Errekoletak plazetan. Maravillas Gaztetxeko kideek jaurtiko dute txupinazoa.

Herri olinpiadak, dantzak, haurrentzako emanaldiak, herri kirolak, bertsopoteoa, haurrentzako tailerrak... Leporaino beteta dago, beste urte batez, Herri Sanferminak ekimenak aurkeztutako egitaraua.

Zapalduon jaia, sanferminen sustraia leloa erabiliko dute: "4 urte daramatzagu bestelako jai eredu bat sustraitzen, bestelako jai eredu bat eraikitzen. Porlanez beteriko hiri batean hazia erein genuen eta hazi horrek bere fruituak eman ditu. Gure hiria eta kultura merkantzia bilakatzen dutenen hormen artean bidea irekitzen ari dira sustraiak".

Sanferminetan borrokak etenik ez duela gogorazi nahi izan dute: "Sistema kapitalistak sustatzen duen jai ereduak egun oroz ditugun zapalkuntzak areagotzen ditu". Jai herrikoiak, parte hartzaileak, ekologistak, kulturalak, feministak, anitzak, antikapitalistak eta euskaldunak. Horiek dira Herri Sanferminak ekimenaren "sustraiak" eta aurten ere horien defentsa egin asmo dute.

Egitaraua

Azken bi urte hauetan egin bezala, herri sanferminak Errekoletak eta O plazetan izanen dira Bertan, adin guztientzako eskaintza zabala eta anitza izanen da; txikientzako tailerrak, magia ikuskizunak, karaokea, zumba, txalaparta ikuskizuna, estilo anitzetako kontzertuak talde lokal zein nazioartekoenak...

6an festei hasiera emateko Maravillas Gaztetxeak botako du herri txupinazoa, 14:30ean, Errekoletak Plazan. "Autogestionatutako espazioen aldeko borrokari" babesa adierazi nahi izan diote antolatzaileek.

Herri Sanferminak 2019 egitaraua programa

Txoko ekologikoa eta sukaldea

Km0 eta produktu ekologikoen osatutako eskaintza baten aldeko apustua egitea "beharrezkoa" ikusi dute. Horregatik, txoko propio bat irekiko dute O plazan eskaintzeko. Sukaldea ere izanen da O plazan. Goizez, uztailak 6, 7, 12, 13 eta 14ean hamaiketakoak egonen dira. Eguerdian, menuak eskainiko dira egunero eta kolektibo ezberdinen bazkariak eginen dituzte. Gauean, pizza eta taloak eskainiko dituzte. Uztailaren 6ko hamaiketakorako, eta eguneko menuetarako lekua erreserbatzea gomendatu dute: 603763878 edo hsf.erreserbak@gmail.com bidez.

Txandak, betetzear

"Herria da gure benetako sustraia eta auzolana da gure indarra. Zuhaitza hazten jarraitzen lagunduko diguzu?", adierazi dute antolatzaileek. Herri sanferminetako 368 txandak osatzeko laguntza eskatu dute. Interesatuek hsftxandak@gmail.com helbidera datu hauek bidali behar dituzte: zein txanda, zenbat pertsona, izen-abizenak eta tlf zenbakia. Betetzeke dauden txandak herrisanferminak.org webgunean ikus daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!