Hernanin jaioa eta profesionalki antzinako musikan jarduten delarik, Maite Larburu biolin-jotzailea sorterriaren eta Amsterdamen artean, batetik bestera, bizi da. Neighbor bikotea sortu zuen Estatu Batuetako Josh Cheatham zangobiola-jotzailearekin, eta harekin bi disko kaleratu zituen, Ura patrikan(2013) eta HAU (2016): bietan agertzen dira folka, bossa eta jazza, eta euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestutako kantak. Hezurren azpian da bakarka egin duen lehen lana, hamaika abestiz osatua eta euskara hutsean, zeinean etxera itzultzearen ideiak garrantzi handia baitu. Larburuk bere ahotsaren adierazgarritasuna eta naturaltasuna erakusten dizkigu, munduarekiko begirada bere-berea, sentikortasuna, samurtasuna, umorea eta aldarria uztartzen dituzten hitzetan islatzen dena.