Hasi dira ikasleak unibertsitatera sartu ahal izateko probak egiten

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 4a, 10:54

3.885 ikasle dira denera Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaur, bihar eta etzi azterketak eginen dituztenak; 891 ikaslek euskaraz eginen dituzte. Ekainaren 12an jakinaraziko diete probak gainditu dituzten edo ez. 

Guztira 3.285 ikasle ari dira Unibertsitatera Sartu Ahal izateko Probak egiten. Gaztelania probarekin hasi dira, Historiarekin segitu dute eta goiza amaitzeko atzerriko hizkuntzaren azterketa egin beharko dute. 891 ikaslek euskaraz eginen dituzte azterketak. Horietako bat harrapatu dugu azterketara sartu aurretik: "Gasteizen ikasi nahi dut heldu den urtean eta bataz besteko nota altua beharko dut ikasketak egin ahal izateko. Ongi prestatuta nator eta espero dut probak ongi joatea", esan du. 

Hiru egunez izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko hirugarren solairuko gelak beteta. Azterketak zuzendu behar dituzten irakaslean ere zazpi epaimahaitan banatuta egonen dira eta ekainaren 12rako prest utzi beharko dituzte emaitzak.

Ikasleen gehiengoak gainditzen ditu proba hauek: %96ak gutxi gora behera. Unibertsitatera sartzeko bidean egunotako azterketen emaitzek %40ko balioa izanen dute eta Batxilergoan izandako bataz besteko nota izanen da gainerako %60.

Aurten zenbait neurri hartu dituzte ikasleek tentaziorik izan ez dezaten kopiatzeko: mugikorrak eta aparailu elektronikoak ez dira onartuko gela barruan. Beste datu bat: 145 ikaslek eskatu dute egokitu ditzatela azterketak euren beharretara: izan ikusmen arazoengatik, entzumenekoengatik edota hiperaktibitatea zein atentzio arazoa dutelako.

Berrikuntza gutxi izanen dituzte aurten. Ordutegiak mantendu egin dira eta baita antolaketa modua ere. Aldaketa izan da egun bat aurreratu dituztela probak eta beste gela batzuetan ariko direla azterketa egiten: "Txikiagoak dira eta irisgarriagoak. Irakasle gehiago beharko dira galderei erantzun ahal izateko eta zaintza egiteko, baina, ikasleentzat erosoagoak izanen direlakoan gaude".

Ohiko deialdi honetan unibertsitatera sartzeko probak gainditzen ez dituzten ikasleek beste aukera bat izanen dute ezohiko deialdian: ekainaren 26,27 eta 28an izanen dute bigarren aukera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!