Iruñeko Udalak desfibriladoreak paratuko ditu hamalau kirolgunetan

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 30a, 07:46

Ekainetik aurrera 14 gailu instalatuko dira, bat-bateko bihotz-heriotzari aurrea hartzeko.

Ekainean Iruñeko Udalak desfibriladoreen instalazioa hasiko du Udalaren hamalau kirolgunetan. Ekainetik aurrera, bat-bateko bihotz-heriotzari aurrea hartzeko 14 gailu jarriko dira guztira, eta langileek horiek erabiltzeko prestakuntza jasoko dute. Kirolean Bihotza Babestuta proiektuak barne hartzen duen ekimena da; eta helburua sarbide kontrolatuko kirolgune guztiek kanpoko desfibriladore erdiautomatiko bat edukitzea da, legez guztietan hori nahitaezkoa ez bada ere.

Desfibriladoreak honako toki hauetan paratuko dira zehazki: udal-kiroldegiak, Arrosadikoa, Azpilagañakoa, Ermitagañakoa, Ezkabakoa, José Mª Iribarrengoa, Mendillorrikoa (trinketea barne), Sanduzelaikoa zein Arrotxapekoa (atxikitako futbol-zelaia barne); Lezkairuko zein Sanduzelaiko Udalaren futbol-zelaiak; Labrit pilotalekua; “Caparrosoren errota” piraguismoko udal-zentroa; eta Arantzadi zein Sanduzelaiko udal-kiroldegiak (Aquavox). Egun, San Agustíngo udal-kirolguneak (Aquavox) badu jada desfibriladorea.

Kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak nahitaezkoak dira 500 lagun baino gehiagoko edukiera-baimena duten kirolguneetan, urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretuak –kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa eta horiek erabiltzeko prestakuntza arautzen duenak– berriki ezarritakoarekin bat. Betebeharrak ez du Udalaren instalazio guztietan eraginik, baina Udalak egokitzat jo du guztietan hedatu eta orokortzea, bizitzak salbatu ahal dituzten gailu hauek instalazio guztietan berdin-berdin erabilgarri egoteko eta, horrela, bihotz-babeseko eremua Iruñeko auzo guztietara ere hedatzeko. Halaber, aintzat hartu dira gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko dagoeneko egiten ari diren eta pixkanaka hedatuko diren Udalaren kirol-programak; izan ere, orain horien zerbitzuak eta kalitatea hobetuko dira, gailuak eta horiek erabiltzeko prestatutako langileak edukita.

2019an, Iruñeko Udalak 10.000 euro inguru bideratuko ditu desfibriladoreak jarri, mantendu eta horiek erabiltzen irakasteko, eta barne- zein kanpo-seinaleetarako.  IDM Medical enpresa kontratatu da urtebetean zehar gailuak paratzeko.

Desfibriladore hauek Udaletxean eta Zabalguneko, Milagrosako zein Sanduzelaiko Civivoxetan badaudenei gehitzen zaizkie, eta,baita ere, ekipamendu guneetan banaturik dauden lauri, Herritarren Segurtasuneko Alorrean dagoenari eta Udaltzaingoaren ibilgailuetan dauden bi desfibriladore mugikorrei.

Milaka lagun hiltzen dira urtean bihotzeko bat-bateko heriotzak jota, eta edonori gertatzen ahal zaio, ustekabean. Zirkulazio-istripuek eragiten duten heriotza-kopurua baino handiagoa da patologia hori pairatzen dutenena. Sintomak agertu eta ondorengo orduan kontzientzia galdu egiten da, bat-batean. Hori gertatu ostean gehienez ere 10 minutuko tartea dago esku hartu eta pertsonaren bizia salbatzen saiatzeko, eta horregatik oso garrantzitsua da desfibriladoreak paratzea toki irisgarrietan. Edozeinek erabiltzeko moduko gailuak dira, oinarrizko osasun-ezagutza eduki zein ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!