Ez du erraza ematen alderdi sozialistaren jarrera EH Bildurekin batera Iruñeko Udala gidatzea izanen denik. Maite Esporrinek argi utzi zuen hauteskunde gauean eta are, marra gorritzat du PSNk EH Bildurekin akordioetara iristea kanpainan ere. Dena dela, Joseba Asironek hori ere ez du galdutzat ematen. Uste du, alderdi sozialistak kanpainan ere aurrerakoiekin erdietsitako hitzarmenak nahi zituela aditzera eman zuela eta horri eusteko aukera badela dio.
Gogoan izan du PSNrekin bat egin dutela kontu sozialetan: udaleko azken osoko bilkuran esaterako inbertsio iraunkorrekin gertatu zen. Alderdi sozialistako hautagaiari bere botoak emanen ote lizkiokeen galdetuta, Asironek esan du, EH Bildu dela bigarren indarra eta 10.000 botoren aldea dagoela PSNrekin. Galdetuta, lotura izan dezaketen Nafarroako Gobernurako akordioek Iruñeko Udalaren osaeran… ez du zuzenki harremanik ikusten bata eta bestearen artean, baina, zeharka izan dezake eraginik bere ustez.
PSNri mezua: ikasi ote duen eskuinarekin bat egin duenean gertatutakoa: Porrota.
Bere etorkizunaz galdetuta, esan du, buruan orain hurrengo hiru asteak dituela, azken unera arte saiatuko dela eskuinari udal gobernua galarazten. Amaitu du esanez, bere irteera ziurtzat jotzen ari diren editorial edo artikuluak gonbidapen onena direla jarrai dezan. Batzuk presa dute Asiron politikatik kanpo uzteko, baina halakorik ez dela gertatuko esan du.