Flamenkoa herritarrengana hurbiltzeko, balkoiak eta karrikak agertoki

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 22a, 08:15
Iaz udaletxeko balkoian izan ziren El Tomate eta Tomatito.

Abuztuan izanen da Flamenco On Fire jaialdiaren seigarren edizioa. Doaneko ikuskizunak gero eta gehiago izanen dira eta kalean eginen dituzte ekitaldietako asko. 

Iruñeko Seigarren Flamenco Jaialdia izanen da aurtengoa. Eta ez da nolanahikoa. Gero eta finkatuagoa dagoen musika jaialdia da, eta gero eta gehiago kaleko giroa bultzatzen duena. Kalean, balkoietan, takoneran… leku horietan gozatu ahalko da flamenkoaz abuztuan.  Sei egun ekitaldiz beterik, eta ohi denez, Iruñea flamenkoaren hiriburu bilakatua.  Hiriko karrika eta agertokiak artista bikainen, flamenko-adituen eta zaleen topagune izanen dira.

Sara Baras, Ketama, Jose Merce eta Tomatito, Rocio Molina, Rocio Marquez, El Farru, Maria Terremoto eta Paloma Fantova ariko dira. Artista gazteak, eta helduagoak direnak. Aurten bereziki belaunaldien arteko transmisioari emanen dio garrantzia. Belaunaldiak, mitoak eta gazteak. Aniztasun Kulturala, horiexek izanen dira aurtengo leloak. Iruñean ere flamenkoak baduela tokia erakusten segitzeko aukera emanen du Flamenco On Fire Jaialdiak. Kalitate handiko proposamen kulturala da, musika eta artea kalera aterako dituena. Elkarbizitzaren eta kohesioaren erakusle izanen da Iruñea egun horietan eta jendea erakartzeko moduetako bat izanen da doaneko 56 ekitalditik gora izanen direla. 

Iruindarrentzako eskaintza zabala abuztuan, baina baita, turismorako erakargarri gisara erabiltzeko bide ere. Maitena Ezkutari Turismo zuzendariak argi du eskaintza kulturala dela Iruñeak egiten duena. 

Ijitoen kultura ezagutarazteko bidea

Flamenkoa duintzeko jaialdia izanen da antolatzaileen ustez. Hasiera zailak izan baziren ere, errotzen eta maitatzen joan den musika ikuskizuna bilakatu delako. Ijitoen Komunitatea aintzat hartzen duen jaialdia ere badela uste dute. Berrikuntzak ere izanen dira: ibilbide gastronomikoak ere sartuko dituztelako jaialdian eta Jam Flamenca izeneko jaialdiak Takonera hartuko duelako.

Egutegiko mugarri bilakatua, abuztuaren 20tik 25era eginen da Iruñean, Sabicas Maisuaren ohoretan, nafar lurraldeak sustrai flamenkoa goraipatze aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!