Palestinarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 15a, 19:07
Argazkia: Ahotsa.info

Nakba eguna da gaur palestinarrentzat. Israelgo Estatua sortu eta erbesteraldia hasi zen egunetik 71 urte igaro dira.

Israelen inposizioa salatzeko elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udaletxe plazan, 71. Nakba egunean. Palestinar herrirari elkartasuna adierazteko dantzan aritu dira bertaratutakoak, eta Eurovision jaialdiari boikot egiteko deia luzatu dute.

Gaur hasi da Eurovisionen 64. lehiaketa, Tel Aviven. Lehen finalerdia jokatu zen atzo; bigarrena, bihar izanen da; eta finala, berriz, maiatzaren 18an, larunbatarekin.

Maiatzak 15: Nakba eguna

Nakba hitzak hondamendia esan nahi du arabieraz, eta 1948ko arabiarren eta israeldarren arteko gerrak eragindako palestinarren exodoa definitzeko erabiltzen da. Nakba eguna maiatzaren 15a da palestinarrentzat, Israelgo Estatua sortu eta erbestealdia hasi zen eguna, duela 71 urte. Palestinarrek  protestekin eta manifestazioekin gogoratzen dute urtero.

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren arabera, 711.000 palestinar Gaza, Zisjordania edo inguruko beste estatu arabiar batzuetara mugiarazi zituzten Israelgo Estatuaren sorrerarekin. NBEk errefuxiatutzat hartzen ditu 1948ko errefuxiatuen ondorengoak. Lau milioi errefuxiatu inguru daude Gaza, Zisjordania, Libano, Jordania eta Sirian banatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!