Maite dugun norbaiten heriotzaren aurrean norberari sortzen zaion ezinegonean laguntza eskaintzen du Goizargi Elkarteak. Dolua, prozesu bat da, naturala eta egokitzapenekoa. Bide hori egiteko babesa ematen aritzen dira profesionalak. Talde terapiak eta bakarkakoak izan daitezke. Bataz beste, sei hilabetez izaten dira laguntza eske doazenak prozesu horretan.
Iaz 135 pertsona eta familia izan ziren Goizargiren zerbitzua eskatu zutenak eta 30 ikastaro eta tailer eman zituzten. Aurten, lehenengo lau hilabeteetan dagoeneko 90 dira laguntza eske hurbildu zaizkien pertsonak. Gero eta jende gehiagok laguntza eskatzen du doluari aurre egiteko. Prozesua bizitzen ikasteko. Horregatik, Goizargi elkarteak baliabide gehiago eskatzen ditu. Alderdi politikoei eskatu die zerbitzu publiko izan beharko litzatekeela doluaren prozesuari laguntza emanen diotenak eskaintzea, eta hori hala, Goizargiren lana hitzarmen bidez babestea galdegin diete.
2002. urtean jaio zen Goizargi. Hasiera haietan entitate txikia zen eta jende gutxirengana iristen zen haren lana. Duela bi urtetik hona aldaketa handiak izan dituzte: gero eta jende gehiagori ematen diete arreta eta egoitza berritua ere badute. Bost profesional aritzen dira lanean Goizargin. Webgunea eta informazioa helarazteko bideak ere badira.