Maravillas Gaztetxearen aurkako epaiketa udazkenera atzeratu egin dute

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 9a, 10:38

Gaur goizean zen hastekoa 22 pertsonaren kontrako epaiketa. Atzeratu egin dela jakinarazi dute sare sozialen bidez Maravillas Gaztetxeko kideek. Jakinarazpenaren aurretik elkarretaratzea egin dute epaiketa salatu eta babesa helarazteko gazteei. 

22 dira guztira epailearen aurretik pasa beharko direnak. Marques de Rozalejo Jauregiaren okupazioagatik usurpazio delitu arina egitea egozten diete. Hiru eta sei hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri dakizkioke eta 1.000 euro arteko isunak ordainaraztea. Defentsako abokatuek absoluzioa eskatuko dute gazte guztientzat. Azteratu eginen da dena dela epaiketa. Udazkenean hasiko da gaztetxeko kideen kontrako epaiketa. Nafarroako Gobernuak txosten berri bat aurkeztu du, eta hura aztertzeko denbora eskatu du defentsa abokatuak. Eraikinean sortutako kalteen inguruko txosten berri bst da aurkeztutakoa.

2017an okupatu zuten Maravillas izena jarri zioten gatzetxea. Nabarreria kalean hutsik dagoen Marques de Rozaleko jauregia okupatu zuten horretarako. 2018ko abuztuaren 17an baina, foruzainak agertu ziren eraikina hustera. Okupazio garaian poliziak bost gazte identifikatu zituen "okupazio hori gauzatzen ari zirela". Beste 17 gazte hustea egiten ari zirenean identifikatu zituzten. Beste lau adin txikiko ere baziren tartean baina beste bide batetik bideratu zuten hemezortzi urtetik azpikoen kasua eta artxibatua dago alde hori. 

Hiru arrazoirengatik hustu nahi izan dute eraikina: Nafarroako ondare publikoari eragin zaion kalteagatik, segurtasun faltagatik eta memoria historikoaren gaia landu nahian institutua eraikin horretan sortzeko nahia duelako gobernuak. Arrazoi horiek "aitzakia" direla salatu dute Maravillas Gaztetxeko asanbladako kideek: "ondare publikoa suntsitzera baino zaintzera sartu gara gu; segurtasuna zalantzazkoa dela ez da egia eta memoria historikoan guk ere lan egin dugu, gaztetxearen beraren izenetik hasita", azaldu dute. 

Proiektuak bizirik segitzen du

Marques de Rozalejo itxita dago baina Maravillas Gaztetxearen proiektuak aurrera segitzen duela nabarmendu dute gazteek. Espazio bat behar dute euren ekimenak, proiektuak eta ekitaldiak garatzeko baina egitasmoa bera da garrantzitsuena eta horrekin segitzen dutela berretsi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!