Ametsen mundura, eremu onirikora garamatza aurtengo sanferminetako kartelak. Irudian udaletxeko plaza ageri da goitik ikusita eta jendez gainezka. Eguna eta gaua, biak azaltzen dira postal berean. Uztailaren 6 batekin amestu nuen atzo izena du lanak, eta Edurne Tainta burlatarrak egin du.
Sanferminetako kartela diseinatzen duen seigarren emakumea da Edurne Tainta. 24 urte ditu, eta garaipena barneratzen ari dela adierazi du udaletxean batu diren hamarnaka hedabideen aurrean. Politikarik gabeko afixa egin nahi izan du, eta bandera neutroak ezarri ditu udaletxeko balkoian.
Urtero moduan, aurten ere, herritarrak izan dira sanferminetako kartel irabazlea aukeratu dutenak. 277 afixetatik zortzi ziren finalistak, eta horien artean Edurne Tainta burlatarraren lana aukeratu dute herritarrek bozka bidez. 3.180 bozka eskuratu ditu, botoen %29,9. Bigarren tokian geratu da Daniel Burgi eta Unai Beroizen ‘Txist-jazz’ izenekoa. Hirugarrenean, berriz, Koldo Aiestaranen ‘Zaldiko’ afixa.
Parte hartze altua nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Iaz baino %63 boto gehiago jaso dituzte aurtengo prozesuan. Orotara 10.629 herritarrek eman dute botoa.