Txertoak hartzearen garrantziaz ohartaraziko dute elkarte zientifikoek

Euskalerria Irratia 2019ko api. 30a, 07:50

Karlos III. eta Gazteluko plazan izanen dira informazioa helarazten 11:00etatik aurrera. 

Garapenean dauden herrialdetan txertoak beharrezkoak dira eta garaipen sozial gisara hartzen diren bitartean, garatuak izendatzen diren herrialdetan txertoen eraginkortasuna zalantzan jartzen duten herritarrak gero eta gehiago dira. Horregatik, eta txertorik ez jasotzeak sortu dezakeen ondorioak zenbaterainokoak izan daitezkeen ohartarazteko informazio gunea sortuko dute Karlos III. etorbidearen eta Gazteluko plazaren artean zenbait elkarte zientifikok gaur. "Naturalena da haurrak txertoa hartzea eta modu horretan dagoeneko ezabatuta dauden gaixotasuna ez hartzea. Gertuko adibide bat jar daiteke egoera zein den azaltzeko: Elgorria herrialde garatuetako gaixotasun erauzia da, baina, haurrei txertoa ez bazaie jartzen arriskua dago berriz ere gaixotasuna garatu eta kutsatzeko ahalmena hartzekoa", azaldu dute ohar batean zenbait medikuk (Manuel Mozota Nuñez, Nafarroako Familia Medikuen Elkarteko Presidentea; Raimon Pelach Paniker, Pediatriako Elkarteko bokala eta Luis Mendo Giner Lehen Mailako Arretarako Mediku Elkarteko idazkaria). 

Herrialde garatuetan haurren gehienak hartzen ditu txertoak dagokion epean, baina, gero eta indar handiagoa hartzen ari den sektore bat bada gizartean: txertorik nahi ez duten herritarrena. Horiek, euren seme-alabei txertorik ez jartzearen aldeko jarrera hartzen dute horrek eragin dezakeena kontuan hartu gabe edo kontziente izan gabe. Herritarren %90 dago txertoa hartuta baina kezka sortzen die mediku talde horri txertorik hartzen ez duten gainerako %10ak. Jakinarazi dute gero eta ziurragoak direla txertoak eta gero eta ondorio sekundario txikiagoak eragiten dituztela. Informazio stand-a izanen da gaur 11:00etatik aurrera Karlos III.a eta Gazteluko plaza inguruan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!