Eskuin mediatikoak eta politikoak diotenaren aurka, Joseba Asiron alkateak Iruñeko jendartea lasai dakusa, gaur goizean Euskalerria Irratiari bere bulegoan eskaini dion elkarrizketan azaldu duenez: "Iruindarrek hasieratik normaltasunez eta lasaitasunez hartu dute aldaketa, UPNk eta PSNk kaosa iragarri bazuten ere. Legealdiko irakaspen nagusia hori da, gauzak beste modu zintzo eta jator batean egin daitezkeela"
Asiron kontent azaldu da azken lau urteotan egindako lanarekin: "Legealdiaren balorazioa oso ona da. Zorra murriztu dugu eta gastu soziala %40 handitu. Parte hartzean, euskararen alorrean aurrerapauso handiak eman ditugu. Berdintasunean eta memorian aitzindariak gara Estatuan".
Itzalak, lauko gobernuaren amaieran
Haren aburuz, argiak nagusi izan dira azken lau urteotan, baina itzalik ere badakusa: "Lauko gobernua legealdiaren amaierara arte ezin eramatea da niretzako legealdi honetako okerrena". Hiru urtez lorturiko adostasunaren balioa ere nabarmendu du: "Lau indarrak oso ezberdinak gara, eta hori dena gobernu batean sartzea ez da erraza. 2017ko maiatzeko Eginoren eta Cuencaren prentsaurrekoan, hauteskundeei begirako urduritasuna sumatu nuen".
Asironek argi dauka, aldaketak aurrera eginen badu, lau indarron adostasunarekin izanen da: "Guztiok ikasi behar dugu egindako akatsetatik, aldaketarekin segitzeko. Datozen hauteskundeetan IEren eta Aranzadiren esparru soziopolitikoa oso garrantzitsua izanen da aldaketarako".
Aldaketaren erritmoaren inguruko desadostasunak aipatu dira maiz lau indarren artean. Asironek dio garrantzitsua ez dela abiada: "Aldaketa azkarrean baino, nik aldaketa sakonean sinesten dut. Benetako aldaketa atzerabiderik gabea da. Eta hori gauzak behar bezala planifikatu eta garatzen direnean gertatzen da".
Oposizioa, "noraezean"
Nolanahi ere, Asironen irudikoz, maiatzeko hauteskundeetan aldaketa beste behin ere gaildenduko da: "Konbentzituta nago duela lau urte aldaketaren alde egin zuen jendeak berriro eginen duela. Erakundeetako aldaketa aldaketa soziologiko sakon baten ondorioa izan da".
Era berean, oposizioa noraezean dakusa. PSN, behin eta berriz UPNrekin lerraturik. Eta UPNk bultzaturiko koalizioa, kontraesanez josia: "Navarra Suman elkartu direnek ez dute proiektu politiko komunik. Boterea berreskuratzeko nahiak, horrek soilik batzen ditu".
Gai zehatzagoez ere mintzatu da euskaldunon hiri buruzagiko alkatea Euskalerria Irratiarekin. Konparaziora, Maravillas Gaztetxeaz: "Alde Zaharrean gazteentzako leku bat behar da, Oscus edo beste bat, baina berme guztiekin. Gazteek barne prozesu bat egin behar zutela esan ziguten, eta horretan ariko dira".
Erorien Monumentua ere hartu du hizpidetzat, eta haren etorkizunari buruzko iritzi pertsonala ere eman du: "Monumentuaren esanahia aldatzeko botatzea ez da beharrezkoa. Gakoa ez da botatzea, baizik eta hiriaren gune garrantzi horri zein erantzun ematen diogun".
Labriteko pasarelarekin egin beharrekoaz, zalantza izpirik ez du Asironek: "Hiru txosten dauzkat mahai gainean, eta denek argi uzten dute ahalik eta lasterren desmuntatu behar dela. Gainontzekoa literatura da".
Bestalde, gaur goizean hainbat alderdiren egoitzetan azaldu diren pintaketei garrantzia kendu die: "Pintaketak arbuiatzen ditut, berdin zait noren aurkakoak diren. Baina fundamentu gutxiko pertsona bat eta esprai bat besterik ez da behar horrelakoak egiteko. Ez zaie garrantzi handirik eman behar".