Azoka solidarioa antolatu du Reas taldeak astebururako

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 27a, 13:16

Ostiraletik igandera eginen dute azoka solidarioa Geltokin. 45 erakustoki baino gehiago egonen dira elikagaiez, arropaz, zapataz edota bestelako zerbitzu eskaintzaz horniturik. 

Kontsumo modu asko daudelako, modu arduratsuan eta solidarioan joka daitekeela erakusteko azoka eta jardunaldiak antolatu dituzte REAS Nafarroa ekonomia alternatibo eta elkartasunezkoaren saretik.

Gero eta zabalagoa den jarrera solidarioak adar asko dituela nabarmendu du June San Millanek: "Ez da bakarrik elikajaien, jantzien edo zapaten salerosketari dagokiona, baizik, eraikuntza edo energia kontsumoa nolakoa egiten dugun ere bada ekonomia solidarioaren adibide". 

Garapen sozioekonomiko jasangarriago baten aldeko jarrera egunero egiten ditugun esku hartzeetatik hasi daitekeela argi daukate. Adibideak jarri ditu San Millanek: "Ez da gauza bera zabalera handiko saltoki batean erosketa egitea edo auzoko denda batean; ez da gauza bera ekologikoa erostea edo bestelako produktuak hartzea; etxean kontsumitzen den energia nork hornitzen duen ere desberdina da...".

Ekonomia Solidarioaren Azoka asteburuan izanen da Geltokin, Autobus Geltoki Zaharrean. Elikagaiak, arropa, zapatak, eraikuntza zerbitzuak… 45 erakustokitik gora izanen dira aukeran eta hitzaldi laburrak ere eskainiko dituzte. Heldu den astean eginen dituzte ekonomia solidarioari buruzko jardunaldiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!