176.660 euroko diru partida onartu du Iruñeko Udalak San Ferminetako kontzertuetarako

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 26a, 11:49

Foruen plaza, Sarasate pasealekua eta Compañia plazako eskenatokietarako programazioa kontratatzeko diru partida onartu du udalak. Kontratuak aurreko urteetako ildoari jarraiki, gazteendako kontzertuak Foruen plazan ezartzen ditu, jazz eta munduko musikak Compañian eta jotak, bertsolariak eta dantza herrikoiak Sarasateko eskenatokian.

Udal gobernu taldeak, txupinazoa eta entzierroetarako megafonia eta pantaila erraldoien kontrataziorako proposamena ere onartu egin du gaurkoan.

Foruen plazan, uztailaren 6, 7, 12 eta 13an, publiko heklduari zuzendutako kontzertuak programatuko dira, 23:30etatik aurrera. Musikari nagusi bat eta beste talde gonbidatu bat egonen dira taula gainean. Eskenatoki berdinean baina uztailaren 8, 9, 10 eta 11n, nerabeendako musika emanaldiak programatuko dira. Kontzertu hauek arratsaldeko zortzietan hasiko dira eta su artifizialak baino lehen 22:45 etan bukatuko dira. Plaza berean txupinazoa jarraitzeko pantaila erraldoia izanen da eta uztailaren 6ko dantza jaialdia eta goizetako herri kirol lehiaketendako soinu ekipoa ere kontratatzeko partida onartu da.

Compañia plazan bi emanaldi egonen dira, arratsaldez 20:00tan hasita eta gauez 23:30etatik aurrera. Sarasaten ere bi programazio ezberdin izanen dira. Goizez 12etatik 13:00etara, eta arratsaldez 19:00 etatik 20:00 etara, jotak, bertsolariak eta dantzarien emanaldiekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!