Iruña Hiria XIII. Nazioarteko Poesia Sarirako lanak apirilaren 30a arte aurkez daitezke

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 22a, 08:07

Sariak gaztelaniaz zein euskarazko modalitateak ditu, eta bakoitzean 3.000 euroko zuzkidura.

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren XIII. edizioa iragarri dute, lanak aurkezteko epea apirilaren 30eko (asteartea) 14:00etan amaituko delarik. Pertsonak oro lehiatu daitezke, horien nazionalitatea edozein izanda, betiere aurkezten diren lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatziak badira. 3.000 euroko bi sari banatuko dira, hizkuntza-modalitate bakoitzeko bana. 

Aurkezten diren lanek oso-osorik argitaratu gabeak izan behar dute, bai eta aurretik epaia emandako beste ezein sariketatan saririk eskuratu gabeak ere; halaber, ezin izanen da parte hartzen aritu aldi berean beste poesia-lehiaketa batean. Gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso bitartekoa. Lanen lau ale aurkeztu behar dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta daudelarik. Poemak tarte bikoitzaz idatzita egonen dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak. Aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izanen dira aurkeztu.

Jatorrizko lanak ikurritz eta plikako sistemaren arabera aurkeztu beharko dira. Azalean, izenburua eta ikurritza idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilea, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Horrekin guztiarekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela egiten ari den beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu. Aurkeztutako lana ezin izanen da erretiratu lehiaketa egiten ari den bitartean. 

Aurkeztu nahi diren lanak posta ziurtatuaren bitartez igorriko dira NAFAR ATENEORA (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa), gutun-azalean honako hau adierazita: Iruña Hiria XIII. Nazioarteko Poesia Sarirako. Halaber, posta elektroniko bidez ere igortzen ahalko dira ateneo@ateneonavarro.es helbidera, mezuari bi eranskin hauek atxikiturik: bata, egilearen datuekin eta bestea, lanarekin. Hizkuntza-modalitate bakoitzeko epaimahaia hiru kidek osatuko dute. Sariketaren epaia jendaurrean ematean, hots, ekainean, epaimahaikideen izenak ere jakinaraziko dira. Bi modalitateetako irabazleek konpromisoa hartu beharko dute urteko azken hiruhilekoan eginen den sari-banaketara etortzeko. 

Iaz markak hautsi ziren sariaren parte-hartzean, hala gaztelaniazko modalitatean nola euskarazkoan. Izan ere, hamabigarren sariketan 405 poema-bilduma aurkeztu ziren gaztelaniaz, horietako 257 estatutik igorriak eta heren bat (139) estatuaz kanpotik. Beste 9 lanetan ez zen jatorria zehazten. Euskarazko modalitatearen hirugarren edizioa izan zen iazkoa, eta 22 lan aurkeztu ziren: 14 Euskal Autonomia Erkidegotik, 6 Nafarroatik, eta Extremadura eta Japoniatik, bana. Juan Leyva eta Aintzane Galardi izan ziren iazko azken sari-deialdiaren irabazleak, Perder las formas eta Hegodun poemak lanei esker, hurrenez hurren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!