'Zezenak' erakusketa ikusgai jarri du Iruñea Antitaurina taldeak Kondestablen

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 11a, 09:01

Iruñea Antitaurinak Toros/Zezenak erakusketa zabaldu du Kondestablearen Jauregian. Hainbat egileren argazkiak eta multimedia-lanakegonen dira ikusgai. Azken egunean, martxoak 21, Iago Prada zuzendariak Bullfight dokumentala aurkeztuko du. 

Lanak beheko solairuko atondoan kokatu dira, hiru atal nagusitan:

⁃      FIESTA. Aitor Garmendiaren argazki-bilduma (Tras Los Muros). Argazkilaria animalien eskubideen aldeko ekintzailea da eta argazki gehienak sanferminetan egin zituen ezkutuko tratu txarrak salatzen dituen Tras Los Muros izeneko proiektuaren baitan. Aitor Garmendiak nazioarteko hainbat sari jaso ditu, esaterako, lehen saria Tokyo International Foto Awards TIFA sariketan ('Editoriala' kategoria) edo lehen saria Picture of the Year International lehiaketa entzutetsuan Matadero sailari ('Zientzia eta Historia Naturala' kategoria).

⁃      TAUROMAQUIA Jaime Alekos-en dokumentala (29 min.) egunero ikusi ahalko da. Bideo-kazetariak xehetasun-planoak eta zezen-literaturatik hartutako aipamenak erabili ditu zezenketa kontatzeko. Dokumentala 3 urteko lana izan da eta 23 zezenketatan hartu ditu irudiak, 15 hiritako 1., 2. eta 3. mailako plazetan. Nazioarteko hainbat sariketatan hautatu dute dokumental labur onena, adibidez: Guadalajarako Festival de Cine Solidario, Errumaniako Autumn in Voronet International Film Festival, Brasilgo Bahia Independent Film Festival edoFrantziako Mediterranean Film Festival. 2018. urtean Jaime Alekosek Bikaintasun Saria jaso zuen Picture of the Year International 75. lehiaketan Hungariako poliziak migranteei eragindako torturei buruzko ikerketarengatik. 2017ko dokumental onenaren Goya saria lortu zuen “Frágil Equilibrio” filmak finantza-krisialdian etxegabetzeen berri emateko Jaime Alekosek egindako lana jaso zuen.

⁃      BULLLFIGHT. Iago Prada zuzendariaren dokumentala da erakusketaren atal honetan ikus daitezkeen objektuen oinarria: zezenketetan egindako argazkiak; zezenketetan hildako milaka zezenen irudikapena den eskultura txiki bat; ezten-haga, banderillak eta sastakaia erakusteko beira-arasak eta ekitaldi bakoitzean zezen batek galtzen duen odol-kantitatea biltzen duen ontzia (odola faltsua da).

Erakusketari bukaera emateko, martxoaren 21ean Iago Prada Iruñera etorriko da BULLFIGHT dokumentala aurkeztera. Filma zezenketa-emanaldi bat da. Zazpi zinema-kamerak eta hamar ultra-norabidezko mikrofonok animaliari jarraitzen diote une oro. Enrique Zaldivar albaitariaren iruzkinek laguntzen dituzte grabatutako irudi eta soinu garbi eta gordinak. AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarte-buruak unean-unean azaltzen du zezenari gertatzen zaiona. Dokumentala Europako dozena erdi bat herrialdetan aurkeztu da eta, berriki, Espainiako Estatuan.

Tauromakiari buruzko erakusketa honetan Iruñea Antitaurinak animalien tratu txarrak azalarazten dituzten hiru artistaren begirada ezberdinak aurkeztu nahi ditu. Argazkigintza eta ikus-entzunezko lanen bidez, hiri honek behar duen eztabaida sustatu nahi dugu. Izan ere, gure ustez, hiriak hausnartu behar du ea zilegi den animalien tratu txarrak izatea gure jaien zati baten oinarria. Izan ere, zezenketak animalien tratu txarren salbuespen legala dira, horrela dio legeak, baita zientziak ere. Iruñeak gogoeta egin behar du torturarik, heriotzarik eta erritu odoltsurik gabeko sanferminei begira jartzeko. Gure ustez ez dago tamainako krudelkeria justifikatzeko argudio posiblerik, are gutxiago helburua dibertimendua bada.

Herritarrak jarrera aktiboa hartzera animatzen ditugu, praktika anakroniko eta anker hau deuseztatzeko, gure sanferminek aurrera egin dezaten gizartearekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!