Argia aldizkariaren 100 urteak lagun artean ospatuta, Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 25a, 13:18

Zer pentsatuko zuten Aita Damaso Intzak eta Aita Buenabentura fraile kaputxinoek 100 urte geroago haiek sortutako Zeruko Argiahura Iruñeko konbentuko patioan ikusi izan balute? Batek daki, ezin halako balizkoetan asmatu, baina ARGIAko hainbatek galdera hori partekatu genuen joan den larunbatean Iruñeko kaleetan.

ARGIAk Iruñean antolatutako Jatorrira bidaia ekitaldian 60 bat lagun batu ziren otsailaren 23an. Errotxapeko kaputxinoen konbentuan ekin zioten ibilaldiari, baina aurretik 80ko hamarkadan aldizkariko kazetari izan zen Iñaki Camino filologo eta irakasleak azaldu zuen nola egin zioten berak eta Josu Landak elkarrizketa Aita Damaso Intzari 1986an, honek ia ehun urte zituela. Azaldu zuen baita ere hamarkada hartan berak nola bizi izan zituen ARGIAko lanak eta nola ari zen prestatzen lantaldea Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerarako.

Ondoren, Patxi Larrion aldizkariko kolaboratzailearen gidaritzapean, Txantreako Alemanetako zubitik Aranzadiko parkea gurutzatu eta txangoa egin zuten Argiazaleek, egutegian negu gorrian oraindik baina udaberriko giro bikainean. Usurbildik, Hernanitik, Lazkaotik, Bilbotik eta hainbat herritatik gerturatutako lagunek Argaren meandro zabal honen baratze eta paraje ederrez gozatu ahal izan zuten ibilaldi lasaian Arrotxapea auzoko Arga jatetxera iritsi aurretik. Han, Arrotxapean Kantuz abesbatzak harrera egin zion taldeari, mendeurrenagatik zorion abestia eta beste bizpahiru kantu eskainiz. Eta ibilaldiaren ondoren, taldeak gogotsu ekin zion Arga Jatetxeak eskainitako otamen eder eta oparoari. Tarte horretan, halaber, auzoan bizi den Ivan Gimenez idazle eta aldizkariko kolaboratzaileak Iruñeko auzo langile honetako zenbait pasarte aipatu zituen, besteak beste, egun ARGIAren egoitza den Lasarte-Oria eta une hartan zizka-mizkek hartutako kaletik pasatzen zen Plazaolako trena lotuz.

Euskal Herritik barrena etorritakoak eta Iruñerriko hainbat lagun hurbildu zen txangora, besteak beste, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Inma Errea eta Mikel Taberna idazleak, Elixabete Garmendia kazetaria,  Danele Sarriugarte, Ainara Azpiazu Axpi marrazkilaria, Sagrario Aleman, Reyes Ilintxeta, Kike Diez de Ultzurrun, Alberto Barandiaran eta beste hainbat lagun.

Iruñeko bihotzera

Errotxapea atzean utzi eta Santo Domingo kaletik gora Nafaroako Artxiboraino –lehen Nafarroako erregeen jauregia zena– egin zuen gora taldeak eta han Santi Leonék Euskal Herriko lurraldetasunaz jardun zuen, besteak beste Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari prusiarrak Euskal Herria izendatzeko erabilitako izenak aitzakia gisa baliatuz. Euskal lurraldeak, abertzaleak, karlistak, Victor Pradera eta beste izen ugari eskaini zizkien bere hitzei adi-adi zegoen taldeari.

Handik San Frantzisko plazara, han zeuden Ixabel Bereziartua eta Estitxu Eizagirre lankideak ARGIAko postuarekin, euskaldunen hiri buruzagiari mendeurrenaren berri emanez. Han, Patxi Larrionek azaldu zuen denborak irentsi egin zuela egitarauan prestatutako ginkana historiko-kulturala eta bertan behera geratuko zela. Oinak nekatuta eta basoerdi baten gogoz ziren hainbatek pozez hartu zuten iragarpena; beste batzuek ordea kexuz, “gogoz baikinen Iruñeko hainbat kontu gehiago ezagutzeko”.

Eta Alde Zaharreko tabernetan bi tragoxkarekin eztarria freskatu ondoren, 50 laguneko taldeak Zaldiko Maldiko elkartera jo zuen, ARGIAk eskainitako bazkariari ekiteko prest. Zutik egiteko bazkaria pentsatu genuen, edalontzia eta patata tortilla eskuetan ezker-eskuin kalaka aritzeko modukoa, baina ez, lehen-lehenik sagardoa baino lehen aulkia eskatzen zuten Argiazale nekatuek. Josetxo Ramos, Oskar Bariain eta Asier Azpilikuetaren trikiti eta pandero doinurik ez zen falta ibilaldian zehar eta bazkarian, eta 18:00ak aldera bakoitzak bere kabiara batzeari ekin zion. Bazkarian abestu zen, halaber, Sustrai Colina bertsolariak ARGIAri jarritako "...eta zu kontalari" bertso sorta: "Altaboz gabeko kausen zerbitzari / bere handitasuna / eman bizitzari / eusteko zero zabor / kazetaritzari".

ARGIAko kideek gogorarazi zuten mendeurrena dela-eta ekimen ugari izango direla urtean zehar, besteak beste, hilero ekitaldi esanguratsu bat Euskal Herriko txokoren batean.

Testua eta argazkiak: Argiako Xabier Letonaren erreportajea eta Dani Blancoren argazkiak dira. 

Ondoren ikus daitezke Dani Blancok egunean zehar ateratako argazki ugari:

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Josu Landa, Iñaki Kamino eta Joxemari Osolaza.
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Santi Leoné bere hitzalditxoa eskainiz Nafarroako Artxiboan. Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco.
Artxibotik behera Mañueta kalean Joxe Miel Bidador zenaren familiaren etxe aurrean. Argazkia: Dani Blanco
San Saturnino elizaren azpian. Argazkia: Dani Blanco
San Frantzisko plazan, ginkana egiteko denborarik ez zela iragarri zen unean. Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Jendea hasi zen iristen Zaldiko Maldiko elkartera. Argazkia: Dani Blanco
Zaldiko Maldikon, bazkariaren une batean. Argazkia: Dani Blanco
Sustrai Colinaren bertsoak abesten. Argazkia: Dani Blanco

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!