Martxoaren lehenengo asteburuan ospatuko dituzte Iruñeko Alde Zaharrean inauteriak

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 15a, 15:42

'Alde Zaharra, oporretarako hiria' da aurtengo gaia. Aurretik, Kauteroak ospatuko dira otsailak 23an.

Iruñeko Alde Zaharreko inauterietan turismo basatia nabarmenduko dute aurten. "Alde Zaharrak turismoaren ondorioaz pairatzen duen arazoa eta auzoarengan daukan eragina" azpimarratzeko  Alde Zaharra oporretarrako hiria hartu dute gaitzat. Astebete lehenago, ohiturari eusteko, kauteroen besta ospatuko da.

Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatzen ditu inauteriak, auzoko elkarteen, tabernarien eta dendarien laguntzarekin. Martxoaren 1 a hasiko da jaia, 19:00etan pregoia irakurriko da, eta Euskal Herriko inauterien pertsonaiekin kalejiran aterako dira Nabarreria plazatik Santa Ana plazara. Ostean, besta eginen da Alegria de Iruñea "D'Or oporretarako konplexuan".

Larunbatean hamaiketakoekin hasiko da eguna, eta txokolate banaketa eginen da Nabarreria plazan. Bukatutakoan (11:30ak inguru) auzoko gazteenak puska biltzan abiatuko dira auzoko kaletatik barna. Goiz horretan Fitur (nazioarteko turismo azoka) Zabaldin izanen da eta ondoren herri bazkaria Algaraka peñan (txartelak Auzoenean eta Zabaldin salgai).

Bazkariaren ondoren, 18:00etan, Alde Zaharra oporretarrako hiria kalejira Carmen kaletik abiatuko da. Kalejira Elektrotxatungaren musikaz lagunduta ibiliko da. Hiru geldialdi eginen dira, Maravillas Gaztetxean, UNZU aterpetxean eta Santa Ana plazan. Geroago saltxitxak banatuko dira Jarauta kalean, 21:00etan. Ondoren emanaldi ezberdinak izanen dira auzoan zehar.

Igandeko goizak Iruinkokoa emanaldi berria ekarriko du. Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna taldeak antolaturiko Iruinkoko libertimendua Zaldiko Maldikotik abiatuko da goizeko 9:30etan eta auzoa zeharkatuko du lau asalduak izanda. Bukaerako emanaldia Santa Ana plazan burutuko da, 13:00etan.

Santa Ana plazan ere inauteriko azken ekintza eginen da, aitzinean Mañuetako frontoian askaria izanen da larunbateko puska biltzan bildutakoarekin, 17:30etan. Zazpietan Zitala Nabarreriatik hartuko da eta kalejiraz eramanen da Santa Ana plazara. Bertan erreko da eta salda banatuko da.

Otsailak 23, Kauteroak

Urtero legez, inauteriaren aurreko larunbatean, Kauteroak ospatuko dira. Goizean Kauteroen jarraigoa San Lorenzo kaletik abiatuko da. Auzoko kaleetatik barna Santo Domingo azokara joanen da. Arratsaldean, 17:30etan, O Andramariren plazatik Kauteroen kalejira aterako da, eta Burgoen plazan Kauteroen senidetzea eginen da 19:00etan. Caldereria kalean ekintzak izanen dira eta kontzertua Algaraka peñan. Kauteroen arropak izanen dira Zabaldin eta Auzoenean, martxoaren 18tik 22ra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!