Iruñeko Udalak proposatutako euskararen ordenantza berria onartu du udalak osoko bilkuran. EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak bozkatu dute alde. UPN eta PSN, berriz, kontra. Alegazioen epea zabalduko da orain. Behin amaituta, behin betiko onarpena emateko eztabaida eginen da.
Ordenantzaren kontrako osoko zuzenketa bat aurkeztu du UPNk. UPN eta PSNren aldeko botoak baino ez ditu jaso, eta ez da aurrera atera. Joseba Asiron alkateak Iruñea eremu euskaldun bihurtu nahi duela kritikatu dute. Araudia auzitara eramango duela azaldu du UPNk.
PSNk "inposizioa" leporatu dio udalari. Udalaren proposamenak herritarren gehiengoa "diskriminatuko" duela uste dute.29 zuzenketa aurkeztu dizkio ordenantzari.
Euskararen ordenantza berria
Gaztelania eta euskara hiriko “berezko” hizkuntzatzat hartzen ditu Iruñeko Udalak, eta herritarren arreta eta espedienteen tramitazioa bi hizkuntza horietan egin ahal izatea proposatu zuen urrian.
2012an egin zuen UPNk azken ordenantza aldaketa, hain zuzen 1997an airtortutako eskubide eta hizkuntza berdintasunari trabak jartzeko asmoz. Iruñeko udalak martxan jarritako hizkuntza aurrerapausoei, babes juridikoa eman nahi zaie euskara ordenantza berriarekin.
Ordenantzak esparru askori erreparatzen die, haur eskolen hizkuntza eskaintzari, lanpostuen hizkuntza eskakizunei eta baita hizkuntza paisaiari.
Berezko hizkuntzak
Proposatutako ordenantzaren lehen artikuluak aditzera ematen du gaztelania eta euskara Iruñeko berezko hizkuntzak direla, eta biak berdintasunean erabiliko direla Udalaren administrazio-esparruan. Asmoa da Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak behar beste baliabide tekniko eta giza baliabide edukitzea posible izan dadin bi hizkuntzetan arreta ematea, hala aurrez aurre nola idatziz, telefonoz edo telematikoki. Halaber, testuak proposatzen du itzulpenen erabilera ahal den neurrian ekiditea eta behar beste pausu ematea udal-espedienteen tramitazioa euskaraz egitea ahalbidetzen duten egitura operatiboak edukitzeko
Irudia
Udalaren irudiari dagokionez, ordenantza-proposamenak adierazten du Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak berdintasunean erabiliko dituztela Iruñeko berezko bi hizkuntzak, oro har herritarrei zuzentzen zaizkienean, eta bereziki irudi korporatiboan. Zirriborroan jasotzen da, baita ere, ele bitan eginen direla publizitate instituzionala, prentsa-ohar eta kanpaina informatibo zein instituzionalak, bide publikoan egiten diren lanetako obra, trafiko eta abarretako seinale zein kartelak eta administrazio elektronikoari lotutako eduki eta prozedura informatikoak.
Langileak
Udaleko langileei eta barne-funtzionamenduari dagokienez, testuak argi adierazten du plantilla organikoak zehaztuko duela zer lanpostutan jakin behar den euskara, dela jendearekin duten harreman handiagoagatik, dela barne-funtzionamenduan daukaten kokaguneagatik administrazio-prozedurez bezainbatean.
Lanpostu bakoitzean behar den euskararen ezagutza-maila zehaztu baino lehen, azterlan bat eginen litzateke, halakorik behar izatera, lanpostuen behar zehatzen gainean, eta jarduketa-plan bat ezarriko litzateke, ordenantzaren helburuak betetzea posible eginen luketen bitartekoak eta baliabideak zehazte aldera. Proposamenaren arabera, Udalak udal-langileei zuzendutako euskarazko hizkuntza-prestakuntzako berariazko planak antolatu beharko lituzke eta, norbaitek hala eskatuko balu, euskara norberaren borondatez ikasteko laguntza eman beharko litzaioke.