Iritsi da wifia villavesetara: gaurtik aurrera zerbitzu hori eskainiko du 18. lineak

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 30a, 08:04
18. lineak izanen du gaurtik aurrera wifi zerbitzua. Argazkia: viviensarriguren.com

Nabigazioa doakoa izango da, eta ez du eskatuko erabiltzailearen autentifikazioa.

Eskualdeko Hiri Garraioko (EHG) 18. lineako billabesek (Zizur Nagusiko Urbanizazioa – Sarriguren) Interneterako doako konexioa izango dute wifi bidez. 

Autobusetan wifi bidezko konexioa jartzea EHGaren zerbitzuaren berritze teknologikorako planaren barnean dago. Hain zuzen, plan horrek laster ahalbidetuko du barnean hartzea ustiapenerako eta informaziorako laguntza-sistema (SAEI esaten zaiona), ordainbide elektronikoa eta bideozaintzako sistema, besteak beste.

Ibilbide luzea duelako eta pertsona-kopuru handi batek erabiltzen duelako aukeratu da 18. linea teknologia hau edukitzeko lehenbizikoa izateko. Pertsona-kopuru handi horretan, gainera, profilak askotarikoak dira: batzuek bidaia laburrak egiten dituzte eta beste batzuek luzeagoak, eta, beraz, denbora gehiago eman dezakete nabigatzen. Hartara, horrek guztiak Interneterako haririk gabeko konexioaren erabilera modu osoagoan balioztatzeko bidea emango du. 

18. lineako esperientzia, gainera, proba pilotua izango da wifi bidezko konexioa 9. lineako ibilgailuetan (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) jarri aurretik. Aurreikusita dago 9. linean martxoan egitea, linea hori elektriko bihurtzearekin batera. EHGko gainerako lineetan wifi bidezko konexioa ziur aski urtearen amaieran instalatuko da, lehenago aipatu den berritze teknologikorako plana garatzen doan erritmoaren arabera.

DOAKO NABIGAZIOA, AUTENTIFIKAZIORIK GABE 

18. lineako billabesetan wifia erabiltzeko, ez da beharrezkoa izango erabiltzailearen autentifikazioa. Autobusaren barnean dagoenean, erabiltzaileak “WIFI TUC” izeneko sarea hautatu ahal izango bere gailuan, eta horrek sarbidea emango dio zerbitzuaren kontzesioduna den enpresaren, TCC enpresaren, logotipoa duen pantaila batera. Pantaila horretan bertan, “Aceptar / Onartu” botoia sakatu beharko du, eta une horretatik aurrera dohainik nabigatzen ariko da, autobusean instalatuta dagoen wifi konexioaren bidez.

Nabigatzeko abiadura Mb/s 1ekoa izango da (megabit bat segundoko). Segurtasun arrazoiengatik eta konexioaren eraginkortasuna optimizatzeko, sistemak murriztu egingo du zenbait webgunetarako sarbidea, eta bai fitxategi astunak behera kargatzea eta aplikazioak eguneratzea ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!