Protestan ari zirenen aurka oldartu dira poliziak

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 10a, 08:27

Maravillas gaztetxea itxi du Nafarroako Gobernuak. Kalejira egin dute gazteek. Gaztetxearen atarian amaitu da eta hormaren zati bat bota dute. Poliziak oldartu egin zaizkie gazteei Nabarrerian.

Iruñeko Maravillas gaztetxeko sarrera adreiluz itxi du Nafarroako Gobernuak. Hormigoi makina bat bidali du eguerdian bertara, eraikinaren sarrera hormatzeko. Makina lanean ari den aldi berean, gaztetxean agindu duen esku hartzeari buruzko azalpenak eman ditu gobernuak prentsaurreko batean. Manu Aierdi presidenteordearen esanetan, gobernuak segurtasuna du lehentasun.

Aierdik nabarmendu du gobernuaren Ondare zerbitzuko teknikariek eraikina ikuskatu ondoren egin duten txostena "oso gogorra" dela, eraikinean atzeman dituzten segurtasun gabeziengatik. Hori dela eta, eraikina ixtea erabaki duela jakinarazi du. Gaztetxeko kideek Rozalejo eraikinean lanak egin dituztela ziurtatu du presidenteordeak. Lan horiek gutxieneko segurtasunik gabe eta baldintza txarretan egin dira, haren arabera.

18:00rako kalejira deitu dute gaztetxeko kideek 'Alde hemendik. Indar errepresiboak auzotik at!' lelopean. Oldarraldietan zauritutakoen argazkiak eskutan egin dute protesta. Gaztetxearen atarian amaitu dute. Atea ixten zuen hormaren zati bat bota dute, eta poliziak gaztei oldartu zaizkie Navarrerian, hirugarren egunez. 

Foruzaingoa joan den asteartean sartu zen Maravillas gaztetxean. Arrazoia: Iruñeko 4. Instrukzio Auzitegiak emaniko agindu bat, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuak "ikuskaritza teknikoa" egin eta eraikinaren egoeraren berri eman zezan. Hori baino gehiago izan zela salatu dute gaztetxeko kideek, ordea, eta "ezkutuko kaleratzea" egin izana egotzi diote Nafarroako Gobernuari.

Manifestazioa hilaren 19an

Manifestazioa deitu dute gaztetxearen alde urtarrilaren 19rako. Iruñeko Udaletxe plazatik irtengo da manifestazioa 17:00etan, Maravillas aurrera lelopean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!