Rozalejo Jauregiaren hustuketarako poliziaren neurrigabeko presentziarekin kexu dira alde zaharreko auzolagun, dendari eta hostalariak. Nabarreria plaza eta inguruetako kaleak itxita zeudelarik esnatu dira beste behin ere alde zaharreko bizilagunak. Espainiako Polizia eta Foruzainen furgonetak kale iskinetan, poliziak istiluen kontrako materialaz jantzita edonon. Bizilagunak kexu mugitzeko askatasuna mugatua dutelako, hostalari eta dendariak haserre, kaleak itxita, beste egun batez, bezerorik ez baitute beren negozioetan. Gobernu delegatuari eta barne saileko kontseilariari, polizia alde zaharretik joan dadila eskatu diote gaur goizean.