Maravillas gaztetxera sartu dira foruzainak

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 8a, 14:11

Goizaldeko 4.30tan ailegatu dira Foruzainak Maravillas Gaztetxera. Pasa den astean, epaitegiak baimendutako ikuskaketa teknikoa egitera sartu dira Rozaleko Jauregian, bertan egin omen dituzten egitura lanak nola diren aztertzeko. Ez zegoen inor barruan. Herri batzar eta kalejira jendetsua egin dute gazteek gertatutakoa salatzeko.

Herri batzarra egin dute gaztetxeko kideek 18:00etan. Nafarroako Gobernuak egindakoa "hutsaraztea" izan dela salatu dute. Batzarra amaituta, kalejiran abiatu dute Alde Zaharreko kaleetatik. Arrautzak bota dizkiote EAJren egoitzari.

Goizean, Foruzainak gaztetxe barruan zeudela zabaldu denean gazteak Alde Zaharrera gerturatzen hasi dira. Espainiako poliziak Nabarreria plaza erabat inguratu du, eta ez du utzi inor gerturatzerik. Hala jarraitzen du orain ere.

Gazteak, polizia hesiaren aurrean protestan, kalejira zaratatsua egin dute Alde Zaharreko karriketan barna. Labrit aldapako errepidea moztu egin dute, baina poliziak segituan altxarazi ditu indarrez. Nafarroako Parlamentura bitan joan dira, bertan bizi izan dira unerik beroenak. Ateraino heldu eta barrura sartzen saiatu dira baina Espainiako poliziak, kolpeka galarazi die. Hainbat zauritu eragin ditu polizien kargak.

Maravillas gaztetxeko kideek, Twitter bidez, jakinarazi dutenez inguruko tabernariei jakinarazi zaie ostegunera arte mantenduko dute operatiboa. 

Rozalejo jauregia "arriskutsua", Gobernuarentzat

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko harremanetarako kontseilariak azaldu duenez, ez da hustuketa operazio bat izan gaur goizekoa, mihaketa prozedura bat baizik. Nafarroako Gobernuak eskaera egin zuen epaitegietan, foruzaingoarekin eta Ondasun Zerbitzuko teknikariekin batera eraikinean sartzeko, "gaztetxeko kideek eragindako kalteak neurtzeko".

Teknikariek eraikinaren egoerari buruzko txosten  bat egin dute, eta, haren arabera, eraikinak "arriskuak" dituela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak: "Teknikariek egindako txostenaren arabera, instalazio elektrikoak legez kontrako krokadura du fatxadan banaketa-konpainiaren kable bihurritura". 4. Instrukzio Epaitegian aurkeztu dute Txostena, eta Iruñeko Udaleko alkateari igorri diote. Une honetan, teknikariak higiezinaren egoera aztertzeko ikuskapen zehatzagoa egiten ari dira, eta horren emaitzaren eta dagozkien jardueren berri emango dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!