Badator Olentzero Iruñera!

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 20a, 14:04

Abenduaren 24ean eginen du Olentzerok Iruñeko kalejira nagusia. Aurretik eskola eta ikastoletan ibiliko da bihartik aurrera, baita auzoz auzo ongi etorria eginen diote ere. 24ko kalejira, arratsaldeko sei terdietan abiatuko da Arte eskolatik. Musikariek, dantzariek, animaliek…lagunduko dute Olentzero mendian behera, Iruñetik eginen duen ibilbidean.

Arte Eskolatik irten, Paulino Caballero kaletik jeitsiko da kalejira alde zaharreruntz, Gaztelu Plaza eta Txapitelatik iritsiko da Udal plazaraino. Azken urteotan bezala, Iruñeko alkateak, Joseba Asironek harrera eginen dio ikazkinari udal plazatik pasatzen den unean. La Pamplonesa banda izanen da une horretan Olentzerorekin batera.Udala agurtuta Merkaderes eta Estafetatik aterako da erdigunetik, Amaia kalean gora egin aurretik.

Bainan adi, aurretik, larunbata honetan Olentzero Euskalerria Irratiak antolatu duen festan izanen da. Zentral Kafe Antzokian, eguerdiko hamabietan, Olentzero opariz kargatuta ailegatuko da. Kantuan eta dantzan eginen diogu harrera bertan. Sarrerak Karrikirin eta zentral aretoaren web gunean salgai dira.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!