Iruñeko Udaleko aurrekontu proposamenean gastu soziala eta mugikortasuna dira gakoak

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 30a, 13:13

Patricia Perales alkateordea, Joseba Asiron alkatea eta Gerardo Hurtado.

>2018an baino %4,27 gehiago izatea da proposamenean jasotakoa, eta aldaketaren udal gobernua iritsi aurretik baino %20 handitu da aurrekontua.
Bereziki gastu sozialera bideratu nahi dute, hasiak dauden proiektuak bukatzeko diru partidetara eta hiria mugikortasunari dagokionez autoentzako 30 kilometro orduko abiadura gehienezkoa ezartzera. 
>Urterik zailena izanen da Joseba Asironentzak aurrekontuak onartzeko, baina, esperantzarik ez duela galdu nabarmendu du.

213,28 milioi euroko aurrekontu proposamena jarri du mahai gainean Iruñeko Udalak. Heldu den urterako aurten baino %4,27 gehiago izatea da udaleko EH Bilduko kideek egindako hautua, eta aldaketaren udal gobernua iritsi baino lehenagokoekin alderatuta %20 handitu dira 2019rako aurrekontuak.

Bereziki gastu sozialera bideratu nahi dute, hasiak dauden proiektuak bukatzeko diru partidetara eta hiria mugikortasunari dagokionez autoentzako 30 kilometro orduko abiadura gehienezkoa ezartzera. Xeheki begiratuta aurrekontu proposamena, aurreratuko dugu, handitu egiten direla adibidez udalarentzako lanean ari direnei bideratzen zaien dirua: langileei %2,06 igoko diete soldata. Gastu sozialera eta inbertsioetara bideratzen dena ere handitu eginen da. Hala, 100 eurotik 88 zerbitzu publikoak ziurtatzeko, langileen soldatak ordaintzeko eta ohiko gastuetarako bideratuko dituzte. Etxebizitzak eraberritzeko programetarako 2,4 milioi euro; Auzoetako Unitateetarako 1,1 milioi euro batez ere Azpilagainako eta Donibaneko Auzo Unitateak berritzeko eta beste 435.000 euro Emakumeen Etxea proiektua martxan jarri ahal izateko. 900.000 euro inbertitu nahi ditu udalak era berean hirian mugikortasunari dagokionez aldaketak txertatzeko: autoentzako 30 kilometro orduko abiadura gehienezkoa ezarri nahi dute. Eta beste diru partida garrantzitsu bat haur eskolak ontzera bideratuko dute 400.000 euro.

Alderdi guztiekin adosteko prest

Aurrekontu proposamena da oraindik izan ere, orain gainerako alderdiei helaraziko diete alkatearen udal taldean prestatutako hau. Abenduaren 10etik 12ra eginen dituzte aurrekontuak eztabaidatzeko batzordeak eta zuzenketak urtarrilaren 4rako utziko dituzte. Urtarrilaren 11an litzateke osoko bilkurako eztabaida. Asiron alkateak espero du laugarren urtez jarraian posible izatea aurrekontu batzuk erdiestea. Onartu du urterik zailena izanen dela, baina, esperantza ez du galdu.

Aurtengoekin alderatuta 8,75 milioi euro gehiago jaso dituen aurrekontuak aurkeztu ditu udalak 2019rako proposamen gisara. Hiru faktorek eragin dute aukera hori izatea: kapitalaren transferentziaren bidez izandako diru-sarreren hazkundeak, hirian ekonomiaren jarrera positiboak eta udalak aurten %95ean bete izana aurrekontu plana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!