Lan erregulazio espedientearen bidez 28 langile kaleratu nahi ditu Miasak

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 20a, 08:35

Tailerrean lanean ari direnen herena botako luke Landabengo empresa horrek planteatu duen espedientearen bidez. “Antolaketa eta produkzio arrazoiak” argudiatu ditu erabaki hori hartzerako garaian.

Astelehenean jarri zuen mahai gainean Miasako zuzendaritzak 28 langile kaleratzeko proposamena jasoa zuen lan erregulazio espedientea. Guztiak lirateke tailerreko langileak: 19 zuzeneko eskulangileak eta beste 9 zeharkakoak. “Antolaketa eta produzkio” arrazoiak direla-eta hartu beharreko erabakia izan dela adierazi du ohar batean zuzendaritza taldeak. Neurri horrek produkzioan lanean ari direnen herena kaleratzea ekarriko du lantokira, alegia, 100 langiletatik 72 geratuko lirateke. “Lan zama asko txikituko da etorkizun hurbilean proiektu asko ez direlako aurrera eramanen”, azaldu du enpresak. Automobilgintza sektorean lan egiten du Miasak. Zehazki, urkila-formako piezak egiten dituzte kotxearen abiadura-aldagailuarentzat erabilgarri direnak. Eskaeretan izan diren gutxitzeak eragin dio enpresari industria plan bat egituratzea. Modu horretan bakarrik, dio, ziurtatzen ahal da lantokiaren beraren etorkizuna. 2015ean ere langileak greban izan ziren. Orduko hartan lortu zuten negoziazio bidea baldintzak adostea. 

Negoziazioa martxan da

Atzo bertan albistea jakin berritan osatu zuten negoziazio mahaia eta datorren hilabetean hasiko den hitzordu sorta adostu zuten. Abenduaren 14an aukeratuko dute langileek mahai sindikal berria. Bederatzi ordezkarik hartuko dute parte. Bien bitartean aste honetan protesta ugari eginen dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!