Asteazkenean hasiko da bi herritarren aurkako epaiketa Erorien Monumentuko kriptan grabatzeagatik

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 12a, 08:06

Clemente Bernard eta Carolina Martinezek berrogei minutuko dokumentala osatu dute Erorien Monumentuaren inguruan. Tartean, kriptaren irudiak bildu dituzte. Horrek eragin du epailearen aurretik pasa behar izatea.

Asteazkenean 9:30ean hasiko da Iruñeko Justizia Auzitegian Clemente Bernard eta Carolina Martinezen kontrako epaiketa. "Sekretupeko informazioa zabaltzea" egozten diete Erorien Monumentuko kriptan grabazioak egin eta gero dokumental batean zabaltzeagatik. Fiskaltzak akusatu bakoitzarentzat bi urteko espetxe zigorra eta 12.000 euroko kalte ordaina eskatu ditu. 

Erorien Monumentuko kripta artzapezpikutzaren jabegokoa da eta espazio hori ez dago irekita edozeinentzat. Kriptaren erabilera pribatua dela diote; Hermandad de los Caballeros de la Santa Cruz taldekoek eta elizako kideek dute bakarrik sarbidea. 

2016ko martxoaren 18an grabazioa egin zuten bi herritarrei Iruñeko Udalak sarbidea eman zien. Egun horretan bideo kamera bat jarri zuten kriptan, mikrokamera bat eta mikrofonoak. Hermandad de los Caballeros de la Santa Cruz-eko taldekideak grabatzea helburu zutela uste du fiskaltzak eta horren bidez euren intimitatea hautsi egin dela. Kripta horretan talde horrek egiten dituen ekintzak grabatzeko xedea ere bazutela erdietsi dute. Martxoaren 19an aurkitu zuten grabazio operatibo guztia eta Espainiako Polizian salaketa jarri zuten. Akusatuak martxoaren 21ean itzuli ziren grabadora guztien bila baina ez zuten han aurkitu eta desagertu egin zirela adierazi zuten. 

Nafarroako Fiskaltzak hortaz bi urteko espetxe zigorra eskatu du Clemente eta Martinezentzat eta 12.000 euroko isuna. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!