Ohi bezala, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo proposamenak ere; zazpi saio izango dira guztira. Aurreko urteetan bezalaxe, punta-puntako bi bertso jaialdi izango dira, eta baita bertsolari gazteei eskainitako saio bat ere. Gainera, emanaldi poetiko musikatu bat, zientzia eta bertsoa uztartuko dituen emanaldi berezi bat, haurrentzako emanaldi bat eta solasaldi bat ere izango dira Bertsoaroan. Haurrentzako emanaldia kenduta (3 euro), doakoak dira gainerako emanaldi guztiak. Hori bai, Gurutze Plazako bertso saioentzat gonbidapena hartu beharko da, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, areto horretan bertan.
Bertsolaritza Iruñean zabaltzeaz gain, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei bultzada emateko xedea du Bertsoaroak, kalitatezko zikloa ikusgarritasunerako plaza gisara baliatuz. Hurrengo ekitaldia azaroaren 10ean izanen da, larunbatean:
HAUR BERTSOAROA. ‘Petresku, etzi ez etsi'
Azaroak 10, larunbata. 12:00etan eta 18:00etan-
Sanduzelaiko Civivoxeko Aretoa
Egilea: Jon Maia
Antzezleak: Eneko Arrate eta Eider Perez